Gabonetarako hainbat ekintza antolatu ditu aurten Azpeitiko Udalak, eta gaur, asteazkena, egin dituzte horietako azkenak. Osasun krisia dela-eta neurri bereziak hartu behar izan ditu Gazteria Sailak aurten, eta herrian bertan egin dituzte jarduera horiek.
Guztira, 160 haurrek parte hartu dute Azpeitiko ekintzetan; Urrestillakoetan, aldiz, 22k. Jarduera horiek aurrera ateratzeko, berriz, 30 langile aritu dira lanean. Bost laguneko talde txikietan banatu dituzte aurten haurrak eta gaztetxoak; halere, balorazio "oso positiboa" egin du udalak. Haur eta gaztetxoek ez ezik, nerabeek ere izan dute Gabonetan aisiaz gozatzeko aukera; Gaztelekua irekita egon da, eta gaztetxoek zein hezitzaileek adostuta, hainbat tailer gauzatu dituzte egunotan.
Gabonetako jarduerak amaituta, urtarrilaren 7ra bitartean itxita egongo dira Azpeitiko Gazteria Zerbitzuak.