90 urte bete dituzten azpeitiarrei aitortza egin die udalak

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 23a, 15:45

Baigerak eta udalak ez dute urtero azaroan egin ohi duten ekitaldia antolatu pandemia tarteko, baina beste modu batera egin diete aitortza 90 urte bete dituzten azpeitiarrei. Batzuek Basazabal jauregian jaso dute oroigarria eta beste batzuei etxeraino eraman die udalak. 

Azpeitiko Udalak eta Baigera jubilatuen elkarteak urtero ekitaldia antolatzen dute 90 urte bete dituzten herritarrei aitortza egiteko. Aurten, pandemia dela eta, ez dute ohiko ekitaldia egin, baina beste modu batera bada ere aitortza egitea erabaki du udalak.

Aurten 40 lagunek bete dituzte 90 urte, eta horiei guztiei oroigarriak eman dizkie udalak. Hain zuzen, pergaminoa eta makila bana jaso dute 90 urte bete dituzten herritarrek. Udala arduratu da hori egiteaz. "Guztiei deitu diegu beren oroigarria jasotzeko eta esker ona adierazteko. Batzuk Basazabalen jaso dute oroigarria, eta etxean jaso nahi izan dutenei etxeraino eraman zaie oroigarria", azaldu du udalak.

Erakundeak aurreratu duenez, datorren urtean, "egoerak uzten badu", 2020an eta 2021ean 90 urte bete dituzten herritarrekin egingo dute ospakizun ekitaldia. 

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide