Bizitzari buruz hitz egiteko saioa antolatu dute abenduaren 29rako

Nerea Uranga 2020ko abe. 26a, 12:23

Urtea bukatzeko, bizitzari buruz hitz egiteko saioa antolatu dute astearterako, abenduaren 29rako. Death Cafe saioa antolatzen duten kideen ekimenez egingo da. Pare bat orduko saioa egingo dute, 18:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Izena aurrez eman behar da, edukiera bete arte.

Bizitzari keinu bat. Bihotzak irekiz, bizitzari buruz hitz dezagun izenburu hartuta antolatu dute solasaldia abenduaren 29rako. "Urtearen bukaera bizitzari buruz hitz eginez ospatu nahi dugu, dinamika desberdinak eginez. Horretarako saio berezi bat antolatu dugu", azaldu du saioaren antolatzaile taldeko Manex Beristainek. Saio berezia Death Cafea antolatzen duten lantaldearen ekimenez egingo da. "Bakoitzak atzean zer utzi nahi dugun, bizitzan zer berriri heldu nahi diogun, bizitzarekiko zer jarrera daukagun eta bizitzak ematen dizkigun gauzei buruz zer jarrera daukagunaz jardungo dugu saioan, besteak beste", azaldu du Beristainek.

Astearterako prestatu duten saioa pare bat ordukoa izango da Sindikatu Zaharrean bilduta, 18:00etatik 20:00etara artekoa. Bertan parte hartzeko izena aurrez eman behar da, eta horretarako aukera lekua bete arte izango da. 635 75 39 85 (Manex) telefono zenbakian eman behar da saiorako izena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide