Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV bikoteak finalerdietan mendean hartuta lortu dute Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek erremonteko Binakako Txapelketako finala jokatzeko txartela. Atzo, larunbata, jokatu zituzten finalerdietako bi neurketak Hernaniko Galarretan.
Lehendabiziko finalerdiko partidan, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak Juaneneari eta Larrañagari 40-33 irabazi zioten. Bikote irabazleak txapelketa guztian erakutsitako maila azaldu zuen finalerdian, eta ligaxkako lau garaipenei beste bat erantsi zieten atzo. Aizpuru oso seguru ibili zen atzeko koadroetan eta Ansak tanto sorta ederra bukatu zuen aurrekoetan.
Bigarren finalerdian, Urrizak eta Labakak 40-36 emaitzarekin hartu zituzten mendean Segurola eta Barrenetxea IV.a. Neurketaren lehen zatian Segurolak tanto onak egin zituen aurrean. Jagoba Labakak partidaren azken zatian asko asmatu zuen jokaldiarekin eta puntu batzuk lortu zituen. Oso partida gogorra izan zen bigarren finalerdikoa.