Azken lau egunetan hogei kasu atzeman dituzte Azpeitian

Nerea Uranga 2020ko abe. 28a, 14:16

Hego Euskal Herrian positibotasun tasak ehuneko seitik gorakoa izaten jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek emandako datuen arabera. Herriz herriko kasuen datuak ere kaleratu ditu Osakidetzak, atzo zazpi kasu positibo atzeman zituzten eskualdean, horietatik bi izan ziren Azpeitian. Jaurlaritzak gaur atera duen ebazpenaren arabera Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du 571,24 intzidentzia metatuaren tasarekin.

Eusko Jaurlaritzak gaur atera duen ebazpenaren arabera, Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du 571,24ko intzidentzia metatuaren tasarekin. Eremu gorriko udalerrien artera Errezil gehitu du Jaurlaritzak eta hango tabernek ere ateak itxi beharko dituzte; 636,94ko tasa du. Azkoitia, aldiz, eremu gorritik laranjara igaro da eta ostalaritzako establezimenduak ireki ahalko ditu; 425,39ko tasa du.

Abenduaren 23tik gaur arte ez du herriz herriko datuen berririk eman Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur argitaratutako datuen arabera, azken lau egunetan 43 kasu positibo atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean. Kasu gehien hauteman zituzten eguna abenduaren 24a izan zen, hamabost kasu. Udalerrika, berriz, azken lau egunetan Azpeitian atzeman dituzte kasu gehienak: hogei. Kasu horien erdiak, hamar, abenduaren 24an hauteman zituzten; abenduaren 25ean hiru kasu izan ziren, 26an bost eta atzo bi.

Zarautzen hamar kasu atzeman dituzte azken lau egunetan; azken hiru egunetan, hiruna. Aizarnazabalen, berriz, bost kasu izan dira eta Aian lau. Abenduaren 24an kasu bana atzeman zituzten Errezilen eta Zestoan, baina atzo arteko beste egunetan ez zuten kasurik izan bi udalerri horietan. Orion ere kasu bakarra izan da egunotan, herenegun. Zumaian, Getarian eta Beizaman ez dute kasurik atzeman azken lau egunetan.

5.751 test diagnostiko egin zituzten atzo, igandea, Hego Euskal Herrian eta 358 kasu positibo atzeman zituzten: Araban 49, Bizkaian 151, Gipuzkoan 94 eta Nafarroan 60. Positibotasun tasak, berriz, %6tik gorakoa izaten jarraitzen du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 83 gaixo daude ZIUetan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide