Arrasateko emakumearen hilketa matxista salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 2a, 14:36

Marian Ibarluzearen hilketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du Basanderiek talde feministak biharko. 18:00etan elkartuko dira, plazan.

Arrasateko (Gipuzkoa) emakume bat hiltzea leporatuta, gizonezko bat atxilotu zuten joan berri den urtearen amaieran Lanzaroten (Kanaria uharteak). Biktima Marian Ibarluzea da, 65 urteko emakume arrasatearra, nahiz eta duela hamar urtetik Kanaria uharteetan bizi zen. Abenduaren 28az geroztik desagertuta zegoen, eta lagun batek eman zion abisua Poliziari. Guardia Zibilak abenduaren 30ean aurkitu zituen zenbait gorpuzki biktimak Kanaria Handian zuen etxe inguruan, eta hurrengo egunean baieztatu zuten Ibarluzearenak zirela giza aztarnak. Bikotekideak, ordurako, Lanzarotera egin zuen ihes, eta abenduaren 31n aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Hilketa matxista leporatu diote 43 urteko gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta.

Gertaera hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar –igandea– Azpeitian. Basanderiek talde feministak deitu du protestara, eta 18:00etan jarri dute hitzordua, plazan. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean egingo dute mobilizazioa. Azpeitiko Ezker Abertzaleak bat egin du deialdiarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide