Bidea garelako

I. Iparragirre, M. Odriozola, J. Arruti, J. Segurola, M. A. Artola, I. Lazkano, M. Egiguren, J. Agirre, I. Etxarte, T. Karrera, G. Etxeberria, O. Izagirre, J. K. Arruti eta X. Etxeberria 2021ko urt. 4a, 08:42

Sarek urtarrilaren 9rako egin duen deialdiari atxikimendua adieratzeko, honako idatzi hau kaleratu dute Iker Iparragirrek, Miren Odriozolak, Joxin Arrutik, Joseba Segurolak, Mari Angeles Artolak,  Imanol Lazkano Ezkerrak, Maider Egigurenek, Jabier Agirrek, Iñaki Etxartek, Tomas Karrerak, Garikoitz Etxeberria Kafek, Olatz Izagirrek, J.K. Arruti Paterrak eta  Xabier Etxeberria Txapik.

2020. urtea amaitu berri den honetan, mundu guztia astindu duen pandemiak eragindako kalteak zenbaezinak direla agerikoa da osasunari zein arlo sozial eta politikoari dagokienez. Presoek, iheslariek eta beren senitartekoek bizi duten egoerak ere modu nabarmenean pairatu ditu pandemiaren ondorioak.

Euskal preso politikoen bizi baldintzak lehendik gogorrak baziren, are gehiago gogortu ditu egoera honek: besteak beste, beren zeldetatik irteteko eragozpenak, senitartekoak ikusteko debekuak nahiz espetxeetako harreman eta aktibitate guztien murrizketa jasan dituzte, hilabete luzez gaurdaino.

Euskal preso politikoen aurkako dispertsio politika martxan jarri zutenetik hiru hamarkada luze igaro dira dagoeneko. Mendekuzko zigor erantsi horri senitartekoek egin behar izan dituzten milioika kilometro gehitu behar dizkiogu. Ezin ditugu ahaztu espetxean, deserrian, eta istripuetan galdu ditugun senitarteko eta kide guztiak.

Mendekuan oinarritutako erabaki politiko horien ondorioak ere zenbaezinak dira oraindik, Frantziako eta Espainiako estatuek ez dituztelako desaktibatu oraindik salbuespenezko neurriak.

Gaixo dauden euskal presoek espetxeetan jarraitzen dute. Gero eta gehiago dira muturreko egoeretan bizitzera zigortuta dauden 70 urtetik gorako kideak. Zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten dozenaka kidek kalean egon beharko lukete.

Bizirik eta etxean nahi ditugulako egin behar dugu bidea. Amnistia aldarria, bide orririk izan ezean eta neurri bereko bitartekorik jartzen ez zaion bitartean, bizi arteko aldarrikapen soil batean gera daiteke, horrek dakarren guztiarekin.

Amnistiaren bidean, EPPK urratzen ari den bide berriari gure sostengua adierazteaz gain, kaletik gure esku dagoena egitea dagokigu, ditugun bitartekoak horretara jarriz. Presoei eta iheslariei sostengu asistentzial eta ekonomikoa emateaz gain, nahitaezkoa da kale mobilizazioetan parte hartzea. Azken asteetan eta hilabeteetan espetxeetan egin diren mugimenduak albiste onak dira, horren adibide dugu Gotzon Aranburu herritarra gerturatua izango dela datozen egunetan. Hala ere, presoen eta iheslarien etxeratzea lortzeko bidean urratsak egiten jarraitu beharko dugu.

Hartutako bidea urratzen jarraituz amaitu dezakegu egoera honekin.

COVID 19-aren ondorioz, hamaika mobilizazio eta elkartasun keinu zapuztu zaizkigu urte honetan. Urtarrilero Bilbon eta Baionan egin ohi diren mobilizazio jendetsuak ere bertan behera geratu dira, eta ondorioz, aurtengoan Euskal Herriko plazetan elkartuko gara Sare mugimenduak egindako deialdiari so eginez. Bidea elkarrekin egin dezagun, herritarrak mobilizazio horietan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Senideei erantsitako zigorrarekin amaitzeko, presoak Euskal Herrira ekarri behar ditugu!

Euskal presoak eta iheslariak etxean eta bizirik behar ditugu!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide