Larunbatean presoen giza eskubideen aldeko manifestazioa izango da Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Azpeitian ere (17:30), eta herrian Sarek antolatu duen mobilizazioarekin bat egin dute Udal Gobernuko ordezkariek nahiz Azpeitiko presoen senideek. Horiek manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Gotzon Aranbururen eta Josu Urbieta presoen senideak udaletxean izan ziren atzo; izan ere, horiek Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearekin nahiz Josu Labaka eta Leire Goenaga zinegotziekin elkartu ziren. Udalak azaldu duenez, billura tarteko, presoek nahiz senideek bizi duten egoeraren berri jakin ahal izan zuten udal ordezkariek atzokoan.
Alkortak azaldu duenez, "beharrezkoa" da herritar guztien giza eskubideak errespetatzea: "Gaur egun, euskal preso politikoei ez zaizkie beren giza eskubideak errespetatzen, eta horregatik, ezinbestekoa da espetxe politika aldatzea". Dena den, "zenbait mugimendu" izan direla azaldu du Azpeitiko alkateak, eta esan du sakabanaketa politikarekin bukatzeko "denok batera" egiteko unea dela.