Udalak bat egin du Pujanaren hilketa salatzeko gaurko deitutako elkarretaratzearekin

Nerea Uranga 2021ko urt. 23a, 10:47

Hilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana donostiarraren hilketa salatzeko elkarretaratzera deitu du Basanderiek taldeak, gaur, larunbata, 18:00etan, plazan. Azpeitiko Udalak bat egin du deialdi horrekin eta gogor salatu ditu Pujanaren hilketa eta indarkeria matxista.

Urtarrilaren hasieran, Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana emakume donostiarraren hilketa "gogor" salatu du Azpeitiko Udalak, eta Pujanaren "senitarteko zein gertukoei elkartasuna" adierazi die. Horrekin batera, hilketa salatzeko Basanderiek taldeak gaur, larunbata, 18:00etarako plazan deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du udalak. "Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo benetan larria da gizartean. Udalak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi nahi du, ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du", adierazi du udalak kaleratu duen oharrean.

Erasoren baten aurrean Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara jotzeko deia egin die herritarrei udalak. Horretarako, honako telefono hauetakoren batera deitu dezaketela esan du: Udaltzaingoa 943-15 13 13, Ertzaintza 943-08 37 80 eta Larrialdi Zerbitzuak 112.

Udalak berretsi du "egunerokoan, ikastetxeetan hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez, pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean" jarraituko duela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide