Azpeitiak 100.000 biztanleko mila positiboren muga gainditu du asteburuan, eta hori dela eta, neurriak zorroztuko ditu udalak. Hain zuze ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileez gain, bihartik aurrera eta hamabost egunez –otsailaren 8ra arte–, itxita izango dira udal eraikinak, hala nola kiroldegia, igerilekua, liburutegia, ludotekak, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea.
Horrez gain, kultur ekitaldi oro bertan behera uztea adostu dute Kulturaz kooperatibak eta udalak, eta gainerako ekitaldi guztiak ere bertan behera geldituko direla adierazi du erakundeak. Gainera, udalak jakinarazi duenez, herriko hezkuntza zentroekin, eragileekin eta lantokiekin harremanetan dago, jarduera murrizteko eta prebentzio neurriak zorrozteko.
Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, Azpeitiko egoera "oso larria" da. "Dagoeneko 100.000 biztanleko mila kasuren langa igaro dugu. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak bete ditugu, baina egoerak okerrera egin du. Horregatik, Osasun Sailarekin kontrastatuta, neurriak zorrozteko eta ezohiko erabakiak hartzeko unea dela ulertzen dugu".
Foku zehatzik ez
Udala Osasun Sailarekin jarri da harremanetan, eta erakundeak azaldu duenez, eskualdeko ESIko ordezkarien arabera, Azpeitian gaur-gaurkoz ez dago koronabirus foku zehatzik. Dena den, birsorkuntza tasa 2,49koa dela ohartarazi du; hau da, kutsatu bakoitzeko 2,49 kutsatzen direla alegia. Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan datuek "okerrera" egitea espero du, gainera, Osasun Sailak.
Alkatearen arabera, egoera "orokorrean" da kezkagarria, "bai Azpeitian, bai herrialdean". Horregatik, erakunde guztiek datu horiei aurre egiteko "ahalegina" egin behar dutela azpimarratu du Alkortak: "Datu horiek eskuen artean, eta Osasun sailarekin informazioa partekatu ostean, udalak pauso bat gehiago eman, eta instalazio publikoak ixtea erabaki du".
Egoeraren aurrean, herritarrei "arduraz" jokatzeko deia egin die Azpeitiko alkateak: "Orain, inoiz baino gehiago, neurriak errespetatzeko unea da, herriaren onerako jokatzeko unea. Datozen egunetan izaten dugun jarrerak garrantzi handia izango du pandemiaren bilakaeran, herrian zein herritik kanpo. Beraz, prebentzio neurri guztiak errespetatzeko eta lau lagunetik gorako bilkurak ez egiteko eskatzen diegu herritarrei".