Labakak eta Aizpuru III.ak Oriamendi Txapelketan parte hartuko dute

Julene Frantzesena 2021ko urt. 27a, 10:58

Aizpuru III.a eta Labaka elkarren kontra jokatu zuten Binakako 50. Erremonte Txapelketaren finalaren ostean.

Bihar hasiko da txapelketa, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta guztira, sei bikote ariko dira nor baino nor ligaxkan. Labakak Goikoetxea V.a izango du bikote eta Aizpuru III.ak Urria II.a. Finalaurrekoak otsailaren 18an izango dira, eta hil horren 25ean jokatuko dute finala.

Bihar, ostegunarekin, hasiko da erremonteko Oriamendi Txapelketa, eta Jagoba Labakak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrak parte hartuko dute lehian. Labakak Goikoetxea V.a izango du bikote eta Aizpuru III.ak Urria II.a. Bi bikote horiez gain, beste lau ere ariko dira ligaxkan: Mirubia-Martirena, Segurola-Zaldua I, Etxarri-Zubiri eta Zaldua II-Larrañaga.

Ligaxkako lehen partidak bihar izango dira Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Segurolak eta Zaldua I.ak Zaldua II.aren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute lehen partida, eta Mirubiak eta Martirenak Etxarriren eta Zubiriren kontra bigarrena. Ligaxkako partida guztiak ostegunetan izango dira, eta otsailaren 18an izango dira finalaurrekoak. Finala, berriz, hil horren 25ean jokatuko dute txapelketako bi bikote onenek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide