Zaldibarko luiziaren osteko egunak dokumental batean jaso ditu 'Berria'-k

Uztarria.eus 2021ko ots. 2a, 13:00

Nahia Sololuze. (Berria)

Berria telebistak Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena lana estreinatuko du bihar. Lan horretako protagonistetako bat da Nahia Sololuze Azpeitiko bizilaguna eta Zaldibarko zabortegian izandako luizian hil zen Alberto Sololuzeren alaba. Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango da dokumentala, etzi.

Larunbatean beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) jausi eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituenetik. Urteurrena gogoratzeko, Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra ekoitzi du Berriak. Lan horretan, 2020ko otsailaren 6tik 16rako egunak nolakoak izan ziren gogoratu dute hiru protagonista hauek: Nahia Sololuze, Azpeitiko bizilaguna eta Alberto Sololuze hildako langilearen alaba; Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna; eta Iñaki Petxarroman, Berriako kazetaria. Gertatutakoaren berri nola izan zuten kontatuko dute, baita berentzat hurrengo hamar egunak nolakoak izan ziren ere. Bihar, asteazkena, 21:00etan estreinatuko dute lana, Berria-ren webgunean –ostegunean, berriz, Uztarria.eus-en ikusi ahal izango da dokumentala–.

Berria TBko lantaldea Zaldibarren eta Azpeitian (Gipuzkoa) izan da dokumentala grabatzen, eta 25 minutuko ekoizpen bat da lan horren emaitza. Hiru protagonistek ikuspuntu desberdinetatik ikusi zuten egun horietan gertatutakoa, eta hala jaso da dokumentalean ere. Nahia Sololuze Alberto Sololuzeren alaba da, eta bere familiak egun horietan zer eta nola bizi izan zuen kontatzen du. "Lanean nengoen, eta lehenengo whatsapp-ak hasi ziren: 'Ermuan mendia jausi da autobidean'; ni beharrean nengoen, eta ez nion kasurik egin. Handik ordu erdira amak deitu zidan, 17:30ak aldera eta... piztu egin zitzaidan bonbilla: aita".

Honako hau da Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburraren trailerra:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide