Koronabirusa Azpeitian

Bost positibo baieztatu dituzte herrian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 2a, 13:07

100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa zertxobait igo da, baina ez askorik: 1.320,63koa zen atzo, eta 1.327,20koa da gaur. Eskualdean hemezortzi kasu zenbatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du pandemiaren eguneroko txostena. Atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno probetan bost kasu positibo hauteman zituzten Azpeitian. Badirudi positibo berrien kopurua zertxobait apaltzen ari dela azken egunotan; dena dela, oraindik goizegi da ondorioak ateratzen hasteko. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, berriz, zertxobait gora egin du atzotik, eta oso altua izaten jarraitzen du oraindik: 1.320,63koa zen atzo, eta 1.327,20koa da gaur.

Eskualdean, orotara, hemezortzi kasu zenbatu zituzten atzoko probetan. Kasuen herena Zarautzen hauteman zuten. Sei kasurekin eremu laranjan dauden han, 325,52ko intzidentzia tasarekin.

Zarautzen eta Azpeitiaren ondoren, Aian zenbatu dituzte kasu gehien: hiru positibo guztira. 1.057,93ko intzidentzia tasa dute han, eta Jaurlaritzak aginduta, ostalaritza guneak itxita daude gaurtik; eskola kirola bertan behera utzi behar izan dute.

Azkoitian, bi kasu baieztatu dituzte. Azken astean zenbatutako bigarren kopuru baxuena da atzokoa, eta ondorioz, intzidentzia tasa 425,60tik 415, 26ra jaitsi da han. Eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak.

Orion, Zestoan eta Zumaian, bestalde, kasu positibo bana zenbatu dute. Orion eremu gorrian jarraitzen dute, 1.239,40ko intzidentzia tasarekin. Zumaian, berriz, arnasa pixka bat hartu dute, intzidentzia tasak apur bat behera egin ondoren; ostalaritza guneek ateak gaur ireki ahal izan dituzte, eta taldekako zein eskola kirola ere martxan jarri ahal izango dituzte. Hala eta guztiz ere, 457,92ko tasarekin eremu laranjaren eta gorriaren arteko mugan jarraitzen dute Zumaian. Zestoan ere intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen dute. 1.052,90ekoa da tasa.

Aurreko astean baino gutxiago

Hego Euskal Herrian berriz 1.099 kasu berri zenbatu zituzten atzo, igandea. Joan den asteko astelehenean baino ia 250 kasu positibo gutxiago zenbatu zituzten atzoko probetan. 13.184 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo, eta 908 kasu berri atzeman; positibotasun tasak, beraz, behera egin du, atzo %8,2koa baitzen eta gaur %6,9koa. Lurraldeka aztertuta, beste behin Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 527 kasu positibo; Gipuzkoan, 259 kasu positibo; eta Araban, 112 kasu positibo. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamar laguni ere positiboa atzeman zioten. Nafarroan, ostera, 3.098 PCR eta antigento test egin zituzten atzo, eta 191 kasu berri zenbatu zituzten. Hori horrela, positibotasun tasak gora egin du Nafarroan, atzo %5,4koa izatetik %6,2 izatera pasatu baita.

Erietxeen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak. Atzo, beste 80 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz 586 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta. Atzo baino 46 lagun gutxiago dira, eta beraz, jaitsiera nabarmena izan da bi egunetan. Zainketa berezia behar duten pertsonak, aldiz, 154 dira; behera egin du zenbateko horrek ere.

Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea zenbatekoa den ere zehaztu du Osasun Sailak. Hiru lurraldeen batez bestekoa 1,00koa da; Gipuzkoakoa, berriz, 1,02koa. Bi indizeek egin dute behera, azken asteetako zenbatekorik baxuenera iritsiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide