Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo berrirekin, behera egin du intzidentzia tasak Azpeitian

Dorleta Agiriano 2021ko ots. 4a, 13:44

Kopuruak osoa altua izaten jarraitzen du, baina atzoko datuak batuta, 1.268,07tik 1.169,51ra jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau egunetan metatutako tasa. Urola Kostan ere behera egin du positiboen kopuruak: guztira hamasei zenbatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasn Sailak.

Azpeitian beste hiru positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, herenegun baino bederatzi gutxiago, beraz. Kopuruak osoa altua izaten jarraitzen du, baina atzoko datuak batuta, herenegungo 1.268,07tik 1.169,51ra jaitsi da hamalau egunetan metatutako COVID-19aren intzidentziaren tasa.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta eskualdeak, gaurkoz, arnas pixka bat hartu duela dirudi. Herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo hamasei lagunek eman zuten positibo Urola Kostako herrietan. Une honetan bi herri daude eremu gorrian, Azpeitia eta Orio, eta hiru eremu laranjan; hain zuzen, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.

Emaitza berrietan goranzko joera bat islatu duen eskualdeko herri bakarra izan da Orio, han detektatu baitzituzten kasu positibo gehien atzokoan: zazpi. Aurreko lau egunetan soilik sei kasu zenbatu ostean, beraz, gora egin du positiboen kopuruak, bai eta intzidentzia tasak ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1.255,71koa da orain. Atzoko datuekin, eremu gorritik irteteko aukeratik urrundu da kostaldeko herria.

Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian parekoak izan ziren atzoko datuak, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten hiru herrietan. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin; 408,91koa da tasa Azkoitian, eta 321,24koa Zarautzen.

Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, eta eskualdeko gainontzeko herrietan –Aia, Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan.

1.236 kasu Hego Euskal Herrian

Eskualdean atzoko emaitzak pozgarriak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.

Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide