Koronabirusa Azpeitian

Udalak astelehenean jakinaraziko du udal instalazioek itxita jarraituko duten ala ez

Aitziber Arzallus

Herriko egoera "oso larria" zela eta, urtarrilaren 26an udal azpiegiturak ixtea erabaki zuen Azpeitiko Udalak. Hamabost egunerako itxi zituen orduan, otsailaren 8ra arte hain zuzen, baina oraindik ez du erabaki hortik aurrera itxita jarraituko duten ala ez. Datuak aztertuta hartuko erabakia, eta datorren astearen hasieran jakinaraziko du. 

Azpeitiak 100.000 biztanleko mila positiboren muga gainditu zuela eta, udal instalazioak hamabost egunerako ixtea erabaki zuen udalak; urtarrilaren 26tik otsailaren 8ra, alegia. Hala, ordutik herritarrentzat itxita daude kiroldegia, igerilekua, liburutegia, ludotekak, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, Soreasu antzokia, Sanagustin kulturgunea eta Dinamoa sormen gunea. Horrez gain, hambost egun horietarako antolatuta zeuden ekitaldi guztiak ere bertan behera uztea hitzartu zuten Kulturaz kooperatibak eta udalak. Ikusteko dago, ordea, datorren astelehenetik aurrera zer gertatuko den, udalak oraindik ez baitu erabaki itxialdia luzatuko duen ala ez. Egoeraren bilakaerari buruzko datuak aztertuta hartuko du erabakia, eta astelehenean emango du horren berri.

Udal azpiegituren eta zerbitzuen inguruko erabakia hartzea udalari dagokio, baina ostalaritzaren eta taldeko kirolaren eta eskola kirolaren gaineko erabakiak Eusko Jaurlaritzak hartzen ditu. Hori horrela, udalak erabakitzen duena erabakitzen duela ere, tabernek eta jatetxeek itxita eta taldeko kirol jarduerek debekatuta jarraituko dute astelehenetik aurrera ere, Azpeitiko intzidentzia tasa 500 baino askoz handiagoa baita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide