Koronabirusa Azpeitian

Joera aldatzen hasi da

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 5a, 12:41

Atzo bost positibo zenbatu zituzten herrian, 60 aste guztian, eta poliki bada ere, beherantz ari da intzidentzia tasa: joan den ostiralean 1.254,93koa zen, eta 1.116,95ekoa da gaur.

Ez da aste ona izan, baina bai joan den astea baino hobea. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak kaleratu berri dituen arabera, atzo bost positibo baieztatu zituzten herrian, eta beste koska bat behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 1.116,95ekoa da egun. Oso altua da oraindik, baina are altuagoa zen joan den ostiralean: 1.254,93koa. Eta hain zuzen ere, horixe da aste honetako bilakaerari begira atera daitekeen ondorio baikorrena: positiboen emariak etenik ez badu ere, apaltzen ari dela positibo berrien kopurua, eta motel bada ere, beheranzko joera hartu duela intzidentzia tasak. Joan den astean 110 positibo zenbatu zituzten herrian, eta 60 izan dira aste honetan.

Eskualdean, guztira, hogei positibo zenbatu zituzten atzo, eta 185 izan dira aste guztian. Eremu gorrian daude Azpeitia eta Orio, eta Aian ere eremu gorriko herrietako murrizketak indarrean dituzte. Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, berriz, eremu laranjan daude; eta gainontzeko herriak ez dira koloreen eskeman sartzen, 5.000 biztanletik behera dituztelako.

Barrualdeko herriei dagokienean, Azkoitian positibo bat baieztatu zuten atzo, hamabi izan dira aste guztian, eta 367,19koa da intzidentzia tasa; 442,29koa zen joan den ostiralean. Zestoan ere positibo bakarra atzeman zuten atzo, 11 izan dira aste guztian, eta 950,18koa da tasa. Dena dela, 5.000 biztnaletik beherako herria denez, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen, eta osasun eremuko intzidentzia tasa 500dik beherakoa denez, gaurtik ostalaritza jarduerak zabaltzeko eta taldean kirola egiteko baimena dute zestoarrek. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute positiborik izan aste guztian.

Positibo kopuruak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian mila kasutik gora hauteman dituzte beste egun batez. Osakidetzak 921 kasuren berri eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 15.486 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa %5,9koa izan zen hiru lurraldetan. Araban 151 positibo izan zituzten, 479 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten. 95 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, kezkagarriagoa dena, 162 pertsona daude Osakidetzako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino sei gehiago.

Nafarroan, aldiz, 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 3.248 proba diagnostiko egin dituzte –bezperan baino 576 gutxiago–, eta horietatik %6,9 positibo izan dira.

Kostan ere gorabeheratsua da egoera. Orion dute egoerarik kezkagarriena. Bost positibo zenbatu zituzten atzo, 26 izan dira aste guztian, eta eskualdeko intzidentzia tasarik altuena du: 1.272,02koa da. Zarautzen lasaiagoa da egoera, baina bilakaera ez da ona, eremu laranjan sartu baita herria eta gorantz ari baita intzidentzia tasa. Atzo bost positibo baieztatu zituzten han, 42 izan dira aste guztian, eta 316,96koa da tasa. Zumaian, berriz, positibo bat atzeman zuten atzo, 27 aste guztian, eta 447,75eko tasa du. Aian bi positibo zenbatu zituzten atzo, sei aste guztian, eta Getarian bakarra zenbatu dute azken zazpi egunotan, baina atzo bat ere ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide