Hainbat herritar bildu dira plazan Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori babesa adierazteko

Anartz Izagirre 2021ko ots. 6a, 19:27

Ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik lelopean, hainbat herritarrek Zelaiaren eta Barbadoren aurkako sententzia salatu dute plazan. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri die bi arabarrei.

Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori babesa adierazi diete gaur, zapatua, hainbat herritarrek. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri die Zelaiari eta Barbadori lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Hori dela eta, Ernai gazte antolakundeak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Euskal Herri osoan; tartean, Azpeitian.

Ernaik salatu du Zelaiaren eta Barbadoren kontrako sententzia ez dela "soilik bi gazte militante konprometituen kontrako erasoa, bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den herri baten kontrakoa" baizik. Horren aurrean, antolakundeak azpimarratu du ez duela onartuko absoluzioa ez den beste epairik: "Ez dira inor gu epaitzeko, eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste epairik". 

Era berean, Zelaiaren eta Barbadoren auzian Ertzaintzak "bete duen papera" salatu du Ernaik: "Azpimarratzekoa da EAJren gertuko poliziatzat izendatzen den Ertzaintzak prozesu guzti honetan bete duen papera. Polizia politikoaren papera aski ondo bete dute. Adibiderik argienak militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarritutako informeak aurkezterakoan edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan ikusi ditugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide