Koronabirusa Azpeitian

23 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako probetan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 8a, 13:10

Kasu asko zenbatu izanagatik ere, intzidentzia tasak nabarmen egin du behera Azpeitian. 873,85ekoa da gaur-gaurkoz zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen emaitzen txostena. Azpeitian ostiraletik atzora bitartean egindako testetan, guztira, 23 kasu zenbatu zituzten. Kasu horietatik 11 ostiraleko probetan hautemandakoak dira, eta seina zenbatu zituzten larunbatean eta atzo.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu positiboetan tasa metatuak edo intzidentzia tasak, ordea, behera egin du Azpeitian. Ostiralean kaleratutako txostenean herriak 1.116,95eko intzidentzia tasa zuen, eta hiru egunen buruan 873,85era jaitsi da; halere, eremu gorrian sartuta jarraitzen du herriak, ostalaritza itxita eta eskolako zein taldekako kirola etenda izateko Jaurlaritzaren aginduarekin.

60 positibo eskualdean

Eskualdean, berriz, 60 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako probetan. Azpeitian detektatu dituzte eskualdeko kasu guztien herena baino gehiago. Azpeitia bezala eremu gorrian dagoen Urola Kostako beste herria Orio da, eta han beste sei kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–; gainera, intzidentzia tasak gora egin du. 1.272,02koa zen tasa ostiralean Orion, eta asteburua igarota, 1.288,32ra igo da tasa hori. Aiak ere eremu gorrian jarraitzen du, baina azken egunetan han ez dute kasu positiborik atzeman. 

Nola kasuek hala intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen dute Zarautzen. Eremu laranjan daude han, eta ostiraletik atzora bitartean egindako probetan hemezortzi kasu positibo atzeman zituzten –bederatzi ostiralean, hiru larunbatean eta sei atzo–. Intzidentzia tasa 329,81ekoa da Zarautzen, eta Oriorekin batera tasak gora egin duen eskualdeko herri bakarra da. Azkoitian, bestalde, guztira bederatzi kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Kasu horietatik zazpi ostiraleko probetan hautemandakoak dira, eta bi dira larunbatean. 358,84koa da tasa Azkoitian eta eremu laranjan segitzen du.

Zumaian, bestalde, bi kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, biak ostiralean egindako PCR eta antigeno probetan hauteman zituzten. Intzidentzia tasak 447,75etik 407,04ra egin du behera han. Getarian eta Zestoan, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dituzte asteburuan; bi herrietan ostiraleko probetan baieztatu zituzten positiboak. Getarian 141,34koa da intzidentzia tasa, eta Zestoan 667,69koa. Zestoako tasa altua izanagatik ere, ostalaritza guneak ostiraletik aurrera zabaltzeko eta kirola egiteko baimena eman zuen ostegunean Jaurlaritzak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu berririk zenbatu asteburuan.

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 701 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea, egindako PCR eta antigeno testetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.687 test egin zituzten, eta 621 kasu positibo atzeman zituzten. 56 positibo zenbatu zituzten Araban, 371 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei laguni ere positiboa zenbatu zioten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positibotasun tasa %5,8koa izan zen atzo. Nafarroan, berriz, 1.652 proba egin zituzten, eta 80 kasu positibo baino ez zituzten baieztatu, positibotasun tasa %4,8an kokatuz.

Ospitaleen egoera zein den ere zehaztu du Jaurlaritzako Osasun Sailak. 573 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; gora egin du kopuruak azken egunetan. Atzo 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Gaur-gaurkoz, halaber, 164 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,87koa da hiru lurraldeetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide