Koronabirusa Azpeitian

Datuek hobetzen jarraitzen badute, ostiralean zabalduko dituzte udal instalazioak

Julene Frantzesena 2021ko ots. 8a, 13:26

Kiroldegiaren kanpoaldea.

COVID-19aren intzidentzia tasaren beheranzko joera mantentzen bada, astearen bukaerarekin azken hamabost egunetan itxita dauden eraikinak zabalduko ditu udalak. Urtarrilaren 26az geroztik itxita daude udal instalazio guztiak Azpeitian, egoera "oso larria" zelako.

COVID-19aren intzidentzia tasaren beheranzko joera mantentzen bada, ostiralean eraikin publikoak irekitzea aurreikusten du Azpeitiko Udalak. Hala adierazi du gaur, astelehena, erakundeak, Eusko Jaurlaritzak asteburuko koronabirusari lotutako datuak argitaratu ostean; eta hain zuzen ere, datuetan jarri du azpimarra: "Azken egunotan kasu positiboen kopuruak eta birsortze tasak beherako norabidea hartu badute ere, koronabirus kasu positiboen datuak ez dira onak Azpeitian".

Urtarrilaren 26az geroztik itxita daude udal instalazio guztiak Azpeitian; ordutik herritarrentzat itxita daude kiroldegia, igerilekua, liburutegia, ludotekak, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, Soreasu antzokia, Sanagustin kulturgunea eta Dinamoa sormen gunea. Gainera, azken bi asteotarako antolatuta zeuden ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu ziren. Erabaki horiek kasu positiboen gorakada "nabarmena" tarteko hartu zituen udalak.

Nagore Alkorta alkateak COVID-19a saihesteko neurriak hartzeak duen garrantzia azpimarratu du, haren arabera, "guztiok lagundu baitezakegu" egoera hobetzen. "Norbere jarreretatik has gaitezke bakoitzaren eta ondokoen osasuna zaintzen. Horregatik, prebentzio neurri guztiak errespetatzeko eta lau lagunetik gorako bilkurarikk ez egiteko eskatzen diegu herritarrei".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide