Karnabalak 2021

Herritarrei "arduraz" jokatzeko eskatu eta prebentzio neurriak "zorrotz" betetzeko konpromisoa hartu dute udalak eta tabernariek

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 11a, 17:43

Asteburuaren atarian, Azpeitiko Udalak eta ostalarien ordezkariek bilera egin zuten atzo herriko egoeraz hitz egiteko eta hartu beharreko prebentzio neurriak adosteko. Udalak jakinarazi duenez, ostalarien ordezkariek beren negozioetan neurriak "zorrotz" betearaziko dituztela adierazi zuten atzoko bilkuran. Udal ordezkariek, bere aldetik, ostalariei azaldu zieten udalak "baliabide publikoak indartuko" dituela arauak bete daitezen. Hori dela eta, datorren asteburuan udaltzaingoa arituko da ostalariei "laguntza eskaintzen".  

Zabalik daude herriko tabernak eta asteburua ate joka dago. Asteburuaren atarian, Azpeitiko Udalak eta ostalarien ordezkariek bilera egin zuten atzo, asteazkena, herriko egoeraz hitz egiteko eta hartu beharreko prebentzio neurriak adosteko. Udalak azaldu duenez, "herriko egoerak hobera egin dezan prebentzio neurriak ondo betetzearen beharra" azpimarratu zuten atzoko bilkuran, eta hori horrela izan dadin bi aldeek prebentzio neurriak betetzeko "elkarlanean aritzea" adostu zuten. Gaur plazaratu dute ohar bateratua. 

Erakundeak jakinarazi duenez, ostalarien ordezkariek beren negozioetan neurriak "zorrotz" betearaziko dituztela adierazi zuten atzoko bilkuran. Udalak, bere aldetik, ostalariei azaldu zien "baliabide publikoak indartuko" dituztela arauak bete daitezen. Hori dela eta, datorren asteburuan udaltzaingoa arituko da ostalariei "laguntza eskaintzen neurriak betetzeko".  

Udaleko zein ostalarien ordezkariek azpimarratu dute "herriko egoerak onera egitea guztion esku" dagoela: "Egoera pixkanaka bada ere onera doa, eta datozen egunetan neurriak zorrotz jarraitzea ezinbestekoa izango da egoerari buelta emateko. Erlaxatzen bagara, okerrera egingo dugu eta berriro ere neurri zorrotzagoak bete beharko ditugu". Era berean, herritarrei "arduraz" jokatzeko deia egin diete "datozen egun eta asteetan arnasa lasaiago hartzeko".

Azpeitiko egoerak "zertxobait hobera" egin badu ere, "datuak oso txarrak eta kezkagarriak" dira udalarentzat eta ostalarientzat. Hori dela eta, bete beharreko arauak gogorarazi dituzte: "Musukoa derrigor eta modu egokian erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea, jende pilaketak ekidin eta pertsonen arteko distantziak mantentzea eta lau pertsona baino gehiago ez elkartzea". Horrez gain, adierazi dute egoerak hobera egiteko "ezinbestekoa" dela "indarrean diren neurriak betetzea eta errespetatzea eta gizarte harremanak lau pertsonara mugatzea, eremu publikoan eta pribatuan". Era berean, gogoratu dute asteburuan ez dela Karnabal festarik izango: "Festarik ez da izango asteburuan, baina kalean, tabernan eta jatetxeetan elkartzen diren herritarrek prebentzio neurriak bete ditzaten egingo dugu lan. Aurten ez da festarik izango, horretarako baldintzarik ez dagoelako". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide