Urola bailarako ibaien eta erreken egoeraren gaineko argazki erakusketa prestatu du Urola Bizirik taldeak. Foru Ibilbideko udal aretoan jarri dute erakusketa, eta gaurtik hasita ostirala bitartean izango da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara.
Irudiak "bi multzo handitan" banatu dituztela azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Horrela, Errezil erreka eta Ibaieder garbitzeko saioetan hartutako irudiak erakutsiko dituzte, batetik; eta Urola ibaiarenak, bestetik. Guztira, 75 argazkik osatuko dute erakusketa, eta bideo labur bat ere ikusi ahal izango dute aretora joaten direnek.