"Kultura sustatzen jarraitzeko" lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, ostegunarekin, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak. Udaleko bi alderdiek –EH Bildu eta EAJ– joan zen otsailaren 2ko udalbatzarrean onartu zuten hitzarmena, eta Nagore Alkorta alkateak eta Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak gaur sinatu dute akordioa udaletxean. Horiez gain, hitzarmenaren sinatze ekitaldian izan dira Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua eta Mari Jose Bikendi Kulturaz kooperatibako lehendakariordea.
Lehendik martxan zen lankidetza indartzeko beste pauso bat eman dute gaurkoan bi aldeek; izan ere, Sanagustin kulturgunearen, Soreasu antzokiaren nahiz Dinamoa sormen gunearen kudeaketa barnebildu ditu itunak, kultur egitasmoari osotasuna emanez. Udalak eta Kulturazek 2011n ekin zioten lankidetzaren bideari, orduan izenpetu baitzuten Sanagustin kulturgunearen proiektuari eta kudeaketari buruzko hitzarmena. 2014an Soreasu antzokiari dagokion akordioa sinatu zuten, eta 2016az geroztik, Kulturazek eta Kultur Mahaiak kudeatu dute Dinamoa sormen gunea. Orain, hiru guneak hitzarmen berean jaso dituzte. Hala azaldu du Eneritz Albizuk: "Hitzarmena kudeaketa eraginkor soilerako baino gehiago da; kultur mugimenduak, kulturzaleak, sortzaileak eta udalak eskuz esku lan egiteko baliabidea da".
Horrenbestez, kultura sustatzeko proiektuak eta jarduerak antolatu eta gauzatuko ditu Kulturaz kooperatibak aurrerantzean ere. 2024ra arteko iraupena du hitzarmen berriak, eta beste lau urtez luzatzeko aukera izango da. Gainera, udalak eta Kulturazek hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratu dute. Hitzarmenaren eredua azpimarratu du Albizuk, "udalaren eta herritarren arteko elkarlana posible dela" erakusten duen hitzarmen eredua ondu dutelako eta kultur eredu publiko komunitario kooperatiboak horretarako aukera ematen duelako.
Kultura sustatzeaz gain, balio sozial batzuk sustatzeko konpromisoa hartu dute Kulturazek eta udalak, hala nola euskararen erabilera, genero berdintasuna, hizkuntza ez sexista eta abar. Euskararen erabilerari lotuta, Albizuk adierazi du kulturaren bidez euskararen erabilerari ekarpena egitea posible dela: "Gure hizkuntza euskara da, euskaraz bizi gara, eta euskara gara. Horregatik, kultura euskaraz ulertzen dugu. Hautu natural horrez haratago, baina, badakigu euskara hizkuntza gutxitua dela, eta Azpeitia bezalako euskararen arnasguneetan gure hizkuntzari arnasa eta erreferentzialtasuna emateko erantzukizuna daukagu". Horri lotuta, Kultura batzordeburuak azaldu du iaz Kulturazek antolatutako hamar ekitalditatik bederatzi baino gehiago euskaraz izan zirela: "Konpromisoa argia da eta betetzen da, eta bide horretan aurrera segitu nahi dugu. Izan ere, ez dugu ulertzen euskararik gabeko kulturarik, kultur adierazpenik gabeko hizkuntzarik ulertzen ez dugun moduan".
"Kultur mugimenduari balioa"
Azpeitiko kultur mugimendua "altxor" bat dela nabarmendu du Nagore Alkorta alkateak, eta hark dioenez, lankidetza hitzarmenarekin horri balioa eman nahi izan diote. Hark adierazi duenez, baina, ez dira zerotik abiatu, azken hamar urteetan asko indartu delako herriko kultur dinamika: "Udala eta kultur mugimendua elkarlanean aritu dira, eta kultur taldeak eta herritarrak dira jarduera honen protagonista nagusiak".
Gaur sinatutako hitzarmenarekin "oinarri sendoa" duen bidea "indartzeko" pausoa eman dutela adierazi du alkateak, eta esan du hitzarmena kultur mugimenduari aitortza ere badela: "Sortzaileei, taldeei, kooperatibari eta herritarrei erabaki ahalmena eta baliabideak emango zaizkie kultur jarduerarako". Horrez gain, Kulturazen eta Kultur Mahaiaren lana txalotu du Alkortak, egunero egiten duten lanagatik eta lankidetza hitzarmenaren bueltan eginiko ahaleginagatik.
Udal Gobernuaren konpromisoa "argia" dela ere esan du, "denon artean elkarrekin" eraiki nahi dutelako Azpeitia, eta bide horretan, hamar urteotan "emaitza bikainak" eman dituen kultur eredu publiko komunitario kooperatiboaren "alde" egingo dutela azaldu du. "Kudeaketa eredu berritzaile bati dagokion forma juridikoa eman diogu hitzarmenari, eta beste hainbat arlotan ere herri eragileekin sakontzeko giltzarri izan daitekeela uste dugu".
Haren arabera, akordioak "helburu komun" bat sustatzeko bide emango die, hala nola kultura bere modalitate guztietan sustatzeko, berdintasuna eta aniztasuna oinarri izanda. Gainera, bi aldeek eman duten pausoa "garrantzitsutzat" jo du alkateak, lankidetza bere osotasunean barnebildu dutelako. "Hitzarmen honen parte garen bi aldeok parez pareko harremana izango dugu, jatorrizko kontratu izaera gaindituz".
Hala eta guztiz, administrazio arloko zenbait eragozpen gainditzea ez dela "erraza" izan aitortu du Alkortak, eta esan du "aldebakarreko lan formulak alde batera utzi eta eredu berri baten aldeko apustua" egin dutela, "elkarlanean eta benetako parte hartzean" sinesten dutelako.
"Autonomiaren eta elkarlanaren oreka"
Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibako lehendakariak ere hartu du hitza hitzarmena sinatzeko ekitaldian, eta hura pozik agertu da "garai zail hauetan". Akordioak komunitate gisa "indartu" egiten dituela azaldu du, eta gogoan izan ditu pandemiak eta krisiak "gogorren kolpatu eta erasan" dituenak: "Guri zuzenean dagokigunez, ez ditugu aipatu gabe utzi nahi kultur sortzaileak eta erabiltzaileak, joan den urtebete honetan beren herriko kultur jarduna etenda izan dutelako ezinbestean".
Hark zorion hitzak izan ditu udalarentzat eta Kulturazentzat, bi aldeak hitzetatik ekinbidera pasatzeko "kapaz" izan direlako eta akordio "garrantzitsua" egin dutelako. Gainera, hitzarmena aho batez onartzeak "berebiziko garrantzia" duela azaldu du, eta eskerrak eman dizkie bai Udal Gobernuari, bai oposizioari. Haren arabera, funtsezkoa da "elkartasunean ahalduntzea", eta beraz, eskerrak eman dizkio udalari, herriko kulturak premiazkoa duenari erantzuteko gai izan delako, "apal eta eskuzabal". Haren arabera, hitzarmenak "autonomiaren eta elkarlanaren arteko oreka" sakon jorratzen jarraitzea ahalbidetuko du.
Kudeaketa modua eta kultur jarduna ulertzeko eredu baten emaitza ikusgarritzat jo du hitzarmena, egitasmo berera batu direlako "herri agintaritza eta kultur mugimendu zabala". Dena den, hitzarmenak Kulturazentzat "erronka handia" dakarrela esan du: "Aipatutako eredu horren baliagarritasuna dago jokoan. Huts edo bale egiten dugun gerora ikusiko da, baina asmatuko dugula erabateko konfiantza dugula esan gabe doa". Kulturaz kooperatiba soziala dela gogorarazi du, langileen eta herritarren sostenguari eta konpromiso militanteari esker. "Kultur jarduna hala osatzen da: kultur agenda osatu, proiektuak zertu eta zerbitzuak eskaini. Betiere, pertsonen nortasuna eta herri izaera lantzeko helburuz. Eta ildo horretan, mugarri garrantzitsua finkatu berri delakoan gaude".
Hitzarmenak datozen urteetan ere "autonomiaren eta elkarlanaren oreka" jorratzea ahalbidetuko die azpeitiarrei Kulturazeko lehendakariak azaldu duenez: "Elkarren beharrak on egiten digu. Hauxe da gure eskola. Egunero-egunero kulturaren fabrika deitzen diogun horri eusten dion ekipo humanoaren atxikimendu militanteak egin du posible eta bideragarri duela hamabost-hogei urte Azpeitian ezinezko utopia zoroa zirudien hori esku-eskura izatea". Haren aburuz, "hitzarmenen aroa" da: "Badakigu zer atarialde daukagun, eta batere harrotu gabe, gaur ez gara lotsatuko pozik agertzearekin. Berandu baino lehen denok pozteko motibo gehiago izatea espero dugu, eta horretarako bideak hartzea, herritarren eskura gero eta tresna hobeak jartzea, beren eguneroko jardunarekin kulturari arnasa ematen jarraitzeko".