Sua piztu zen atzo, ostirala, Irurena enpresan. Ertzaintzak Uztarriari emandako informazioaren arabera, 22:05ean jaso zuten abisua, eta berehala bertaratu ziren ertzainak eta suhiltzaileak. Goizalean, 04:00 aldera lortu dute sua kontrolatzea. Inguruko bi baserritako zortzi lagun etxetik irtenarazi zituzten atzo badaezpada, baina goizaldean itzuli dira etxera, sutea kontrolatu dutenean. Lantegia itxita zegoen sua piztu zen unean, eta ez da inor zauritu.
Urolako suhiltzaileek azaldu dutenez, enpresaren biltegia erabat kiskaldu da. Dena dela, lantegia "ondo prestatuta" zegoen halako gertaerei aurre egiteko, eta gainontzeko eremuak ez ditu suak kaltetu. Lau parketako suhiltzaileak aritu dira lanean: Urolakoak, Kostakoak, Korostikoak eta Arratekoak. Lanean ziren suhiltzaileez gain, hainbat boluntario ere bertaratu dira; guztira, 50 bat lagun aritu dira lanean.
Une honetan, ia erabat itzalita dago sua. Dena den, suhiltzaileek azaldu dutenez, biltegiaren sabaia erori egin da, eta horrek eragindako su garrak daude une honetan lantegian. Oraindik ez dakite zerk eragin duen eta non piztu den sua.
"Sutea kontrolpean", baina "oraindik lanean" ari direla adieraziz, SOS Deiak zerbitzuak duela minutu gutxi zabaldu du sare sozialetan honako bideo hau:
Azpeitiko sutea kontrolpean Oraindik lanean pic.twitter.com/KC0a5WusSz
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) February 27, 2021