Martxoaren 8a edo Emakume Langileen Nazioarteko Eguna antolatzeko, Urola Erdiko Itaiak hitzaldien eta mobilizazioen egitaraua aurkeztu du. "Emakume langileen interesen defentsan, lege burgesa borrokatu" leloa hautatu du Itaiak bere aldarria lau haizeetara zabaltzeko asmoz.
Hori horrela, Azpeitirako hitzaldi bat antolatu dute. Martxoaren 6an, larunbata, Azoka Plazako aretoan egingo dute hitzaldia, 'Asistentzia lanak eta emakume langileon zapalkuntza' izenburupean. 11:00etan hasiko da solasaldia. Zestoan ere egun berean eskainiko dute hitzaldia, eta Azkoitian martxoaren 7an.
Martxoaren 8rako, berriz, mobilizaziorako deia egin du Itaiak. Azpeitian egingo dute ekitaldi nagusia; izan ere, Azpeitiko plazatik epaitegi pareraino manifestazioan joango direla iragarri dute. 19:30erako jarri du hitzordua Itaiak.