Kaixo herritar.
Aste honetan hilabete beteko da gure tabernetako eta jatetxeetako ateak berriz ireki genituenetik. Ateak berriz irekitzea hiru aldiz itxiarazi dizkigutenaren ondorioetako bat da, baina egungo egoera ere guretzat ez da guztiz baikorra.
Pandemia hasi zenetik, politikarien aitzakien eta kudeaketa txarraren biktimak izan gara, eta Euskal Herriko COVID-19aren kutsatze zabalaren erantzuletzat gu, ostalariok, jo gaituzte. Politikarien ezjakintasunaren errudun egin gaituzte azken urtebetean eta positibo tasak gora egin duenean errua guri bota eta gure negozioak itxiarazi dizkigute, ehunka familiaren etorkizuna airean lagata, baliabide gutxirekin.
Hilabete pasa da azken irekialditik, eta pertsonen arteko kutsatzea agertzeko 6-10 egun behar diren arren, datuak egunetik egunera hobetuz doaz. Beraz, guk garbi ikusten dugu: gure sektorea estrategia politiko baten biktima izan da, eta beraz, gu ere bai.
Pasa den urtean, bost hilabetez itxita izan genituen negozioak, eta gainontzeko hilabeteetan %20ko fakturaziora ez ginen iritsi, urteko lehen hiru hilabeteetan kenduta. Aurten, ildo beretik jarraitzen dugu. Ordutegi murrizketek, edukiera mugek eta normaltasunik ezak, eguna joan eguna etorri, gure lokalak itxierara kondenatzen dituzte.
Nahikoa motibo eta arrazoi dela uste dugu mobilizatzen jarraitzeko, nahikoa pazientzia izan dugulako Euskal Herriko gobernu eta agintariekin. Haiengatik izan balitz, miseria gorrian geundekeen honezkero, erreskaterik gabe, baliabiderik gabe, eta itxita; epaile baten erabakiarengatik ireki baititugu gure negozioak, ez ahaztu.
Horregatik, mobilizazioekin jarraituko dugu Azpeitiko ostalariok, guri dagozkigun eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean noski. Ezin dugulako lana gutxieneko baldintzetan egin, ezin dugulako soldata bat gutxieneko baldintzetan etxera eraman, eta ezin dugulako hau guztia gure gain hartu. Kalte ordinak, erreskatea eta gutxieneko baldintzetan lan egiteko moduko neurriak eskatzen ditugu, neurri malguagoak.
Herritarroi, oro har, eskerrak eman behar dizkizuegu tabernetan izaten ari zareten jarreragatik, eta berriz ere gure mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guretzako sekulako garrantzia daukalako zuen indarra eta babesa sentitzeak; zuek hor egoteak.