Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo lau positibo baieztatu zituzten herrian. Ondorioz, zertxobait igo egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 183,97koa zen atzo eta 210,25ekoa da gaur. Joan den ostiralera arteko beheranzko joera hautsi eta goranzko bidea hartu du, beraz, intzidentziaren kurbak. Dena dela, oraindik eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, 500eko arrisku muga horretatik urrun.
Eskualdean, berriz, orotara zortzi positibo zenbatu zituzten atzo; Azpeitiko lauak eta beste lau. Horietatik bi Zarautzen atzeman zituzten eta bana atzeman zituzten Zestoan eta Zumaian. Zumaian 183,17an mantendu da kasu metatuen tasa; Zarautzen, aldiz, 145,63tik 128,5era jaitsi da.
Eremu horia izaten jarraitzen dute hiru udalerri horiek, baina ez dira egoera horretan dauden eskualdeko herri bakarrak. Atzokoan kasu berririk zenbatu ez bazuten ere, semaforoko argi horia piztuta dago oraindik Azkoitian nahiz Orion. Intzidentzia tasa 75,11koa da Azkoitian, eta 163,08koa Orion.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu berririk izan atzo.
425 kasu Hego Euskal Herrian
Atzo, astelehena, COVID-19a atzemateko 10.268 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Emaitzetan 190 positibo berri detektatu dituzte Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 62 Araban, lau beste lurralde batzuetan eta 59 Nafarroan; alegia, 425 guztira. Positibotasun tasari dagokionez, %4,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,4koa Nafarroan. Behera egin du, beraz, positibotasun tasak: herenegungo emaitzetan %4,7koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,4koa Nafarroan.
Une honetan 121 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan. Atzokoan 36 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira, 268 lagun daude Osakidetzako erietxeetan.