Koronabirusa Azpeitian

Positiborik ez dute zenbatu herrian

Julene Frantzesena 2021ko mar. 3a, 12:50

Azken zazpi egunetan 11 positibo zenbatu dituzte herrian, baina 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak azken asteetan baino baxuagoa izaten segitzen du: 210,25 da tasa hori. Hego Euskal Herrian ere behera egin dute positiboek, eta ospitaleetako egoerak azken egunetako antzekoa izaten segitzen du.

Azken egunetan positibo batzuk atzeman badituzte ere, atzokoan ez zuten batere COVID-19 kasurik detektatu Azpeitian. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur kaleratutako txostenean. Azken zazpi egunetan 11 positibo zenbatu dituzte herrian, baina 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak azken asteetakoa baino baxuagoa izaten segitzen du: gaur-gaurkoz, 210,25 da tasa hori, eta eremu horian da Azpeitia.

Azken hilabeetako daturik onena atzo jazo zen Urola Kostan: hiru positibo baino ez zituen zenbatu Osakidetzak eskualdeko herritarrei gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez du zehazten zenbat proba egiten dituen herri bakoitzean–. Hain zuzen ere, Orion, Zestoan eta Zumaian detektatu zituzten atzokoan positiboak, herri bakoitzean bana.

100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasari erreparatuz gero, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietako egoerak nabarmen egin du hobera azken astebeteetan; izan ere, biztanle kopuru hori gainditzen duten herrietako tasak 300etik beherakoak dira, eta beraz, eremu horian daude herriok. Aipatzekoa da, Azkoitiko kasua, 66,76 baita gaur-gaurkoz hango intzidentzia tasa, eskualdeko baxuena. 5.000 biztanletik beherako herrien arteko joera ere berbera da, nahiz eta Zestoak 500eko intzidentzia tasa gainditzen duen: 564,97 da hango tasa. Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 186,55 da orain.

Positiboek behera

Atzo, 8.213 PCR eta antigeno proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 340 lagunek eman zuten positibo horietan –Araban 66 bizilagunek, Bizkaian 174k, Gipuzkoan 93k eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 7 lagunek–. Nafarroan, berriz, 1.754 test gauzatu zituen Osasunbideak, eta horietako 59k eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,1 da, eta Nafarroan, %3,4.

Ospitaleetako egoerak antzekoa izaten segitzen du Osakidetzak jakinarazi duenez: atzo 45 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan COVID-19aren eraginez, eta gaur-gaurkoz, 267 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan, bezperan baino bat gutxiago. Dena den, ZIUetako egoerak okerrera egin zuen atzokoan; izan ere, bost lagun ospitaleratu zituzten unitate horietan, eta orain, 126 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino bost gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleetako informaziorik eman.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide