Urrezko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak izango dira igandean Izarraitzen

Julene Frantzesena 2021ko mar. 10a, 09:37

Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finalak 12:00etan hasita jokatuko dituzte, ikuslerik gabe egingo den saioan. Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza nahiz Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal ariko dira aizkolarien finalean, eta Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileenean.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izango da igandean Izarraitz pilotalekuan. Hain zuzen ere, urrezko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak izango dira han, 12:00etan hasita. COVID-19aren pandemia dela eta, ikuslerik gabeko saioak izango dira.

Bederatzi bikote aritu dira lehian Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketan, eta horietatik hiruk neurtuko dituzte indarrak finalean: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza nahiz Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Hainbat lan egin beharko dituzte parte hartzaileek.

Era berean Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala ere jokatuko dute. Hamar harri-jasotzaile zortzi arroako hiru harrirekin aritu dira txapelketan lehiatzen, eta finalerako txartela horietako hiruk eskuratu dute: Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno. Horiek hiru minutuko txandan jaso beharko dituzte ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola.

Kepa Peñagarikanok parte hartu zuen aizkolarien lehian, Luis Txapartegi aizarnarra bikote zuela, baina horiek ez zuten finalerako txartelik eskuratu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide