Urrezko hiru puntu eskuratu ditu Lagun Onakek

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 7a, 09:00

Lagun Onaken eta Arizanabarraren arteko atzoko partidako irudi bat. (Otola)

Aitor Avellanedaren mutilek Espainiako Hirugarren Mailako hogeigarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuten atzo arratsaldean Garmendipen, Gasteizko Ariznabarra taldearen aurka. 3 eta 0 irabazi zuten etxekoek.

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak Ariznabarra talde gasteiztarra hartu zuen atzo arratsaldean Garmendipe futbol zelaian. Espainiako Hirugarren Mailako hogeigarren jardunaldiari zegokion partida lehiatu zuten, 16:30ean hasita, eta etxekoek behar-beharrezkoak zituzten hiru puntu poltsikoratu zituzten, neurketa 3 eta 0 irabazita.

Gogotsu zelairatu ziren bi taldeak, puntu premia larria baitzuten biek ala biek ere. Lehen zatian bi taldeek sortu zituzten aukerak, baina inork ez zuen asmatzen bestearen atea zulatzen. Atsedenaldirako hiru minuturen faltan etorri zen lehen gola, etxekoentzat. Xabier Geretak erdiratutako baloira ozta-ozta iritsi zen Jagoba Erdozia, baina nahikoa izan zitzaion atezaina gainditzeko. Horrela, Aitor Avellanedaren mutilak merkagailuan aurretik zirela iritsi ziren atsedenaldira. 

Gol baten errenta nahikoa ez eta bigarrenaren bila zelairatu ziren atsedenaldiaren ostean. Etxekoek lehenbailehen bideratu nahi zuten partida, lasaitasun pixka bat irabazteko. Eta halaxe egin zuten 59. minutuan. Lehendabiziko golaren tankerakoa izan zen bigarrena ere, protagonista berberekin: Geretak area ertzetik egindako erdiraketa Erdoziak errematatu zuen, oraingoan buruz, eta Ariznabarrako atezainak ez zuen ezer egiterik eduki. Partidak horrelaxe bukatu behar zuela zirudienean, luzapeneko minutuetan sartuta, etorri zen etxekoen hirugarrena. Beñat Urangak egin zuen, 94. minutuan. Horrenbestez, 3 eta 0 bukatu zen norgehiagoka.

Hogei jardunaldi jokatuta, hamahiru puntu ditu Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak, eta sailkapeneko azkenaurreko postuan da.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide