Aurreko urteetakoen antzik ez du izan aurten Martxoaren 8ak Azpeitian. COVID-19aren pandemiak baldintzatuta, eta bi deialditan banatuta atera dituzte aurten feministek Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarriak kalera.
18:00etan abiatu da eguneko lehen manifestazioa plazatik. Basanderiek asanblada feministak deituta, dozenaka herritar ibili dira kalez kale Dena aldatu, sistema arrakalatu zioen pankartaren atzetik. Plazara itzulita, eguneko irakurketari tartea egin aurretik, Basanderiek asanbladak gaur bertan zabaldu duen bideoan ikus daitekeen dantza eskaini dute Izar Ahizpek taldeko kideetako batzuek.
Eguneko bigarren mobilizazioa Itaiarena izan da. Emakume langileon interesen defentsan lege burgesa borrokatu izan da Itaiak Martxoaren 8rako aukeratu duen leloa. Arratsaldeko lehen manifestazioa bezala, plazatik irten da bigarren martxa ere, baina Itaiakoen manifestazioa Epaitegieen atarian bukatu dute.