Asteburuan hiru batu ostean, atzo positibo bakarra zenbatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Atzoko horrekin, azken zazpi egunetan bederatzi kasuren berri eman dute, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 151,12an mantentzen da herrian.
Sei izan ziren, denera, Osasun Sailak atzo Urola Kostako herrietan zenbatutako positiboak, eta horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten. Atzokoaren aldean, apur bat gora egin du azken datuekin herri horretako 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: 94,23koa zen atzo, eta 102,80koa da gaur. Azken astean, orotara, hamabi kasu berri zenbatu dituzte eskualdeko herririk handienean.
Eskualdean zenbatutako beste hiru kasuak Aian, Azpeitian eta Orion atzeman dituzte. Aiaren kasuan, azken egunetan detektatutako lehen kasua izan zen atzokoa; beraz, 102,80tik 151,13ra igo da intzidentzia tasa herri horretan. Orion, berriz, igo egin da apur bat intzidentzia metatua: 130,46tik 146,77ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk zenbatu atzo, beraz, intzidentzia tasak behera edo mantentzera egin du herri horietan. Une honetan, Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena daukan Urola Kostako herria: 83,45.
Positibotasun tasa, behera
Atzokoan 10.362 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 384 positibo atzeman zituzten. Horietako 172 Bizkaian zenbatu zituzten, 101 Araban, 58 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere eman zuten positibo. Datuak onak dira, izan ere, %3,9koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9koa Nafarroan.
Ospitaleetako egoerak ez du horen modu nabarmenean egiten hobera, baina apurka-apurka, apaltzen ari da koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 50 ospitaleratze berri egon ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 255 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan. Zainketa Intentsiboen Unitateei dagokienez, 113 pertsona daude horietan, atzo baino bost gutxiago.