Julen Agirrezabalak Oriamendiren Pilota Eskolako Txapelketan parte hartuko du

Andoni Elduaien 2021ko mar. 11a, 08:49

Julen Agirrezabala, aurrean. (Argazkia: Oriamendi)

Aitor Aiestaran hernaniarrarekin osatuko du bikotea Matxin VII.a azpeitiarrak, eta bihar, osteguna, hasiko dute txapelketa.

Julen Agirrezabala Matxin VII.a (Azpeitia, 1994) erremontista azpeitiarrak Oriamendiren Pilota Eskolako Txapelketan parte hartuko du. Aitor Aiestaran Aiestaran VI.a atzelaria izango du bikote Matxin VII.ak. Bihar, martxoak 12, hasiko dute txapelketa, eta Loitegi-Goikoetxea bikotea izango dute aurkari Hernaniko Galarretan (Gipuzkoa), 18:00etan.

Bost bikotek parte hartuko dute txapelketan: Lotegi-Goikoetxea, Ibarguren-Akuxi, Odei-Eskudero, Irazu-Murgiondo eta Matxin VII.a-Aiestaran VI.a. Bikote denek denen aurka jokatu beharko dute txapelketan, eta hurrengo faserako sailkapenak erabakitzeko, Oriamendi enpresak puntuaketa sistema bat ezarri du. Ligaxka martxoaren 12tik apirilaren 9ra bitartean jokatuko dute, eta ligaxkako partida irabazten duen bikoteak lau puntu batuko ditu; bi puntu eskuratuko ditu 39 eta 36 tantoren artean gelditzen den bikote galtzaileak; puntu bat erdietsiko du 35 eta 32 tantoren artean gelditzen den bikoteak; punturik ez du batuko 31 eta 26 tantoren artean gelditzen denak; eta puntu bat galduko du 25 tanto edo gutxiago egiten dituen bikoteak.

Txapelketako bost jardunaldiak jokatu ostean, lau bikote onenak pasatuko dira hurrengo fasera. Ligaxka lehen postuan amaitzen duen bikoteak laugarren sailkatuaren aurka jokatu beharko du finalerdia; bigarren eta hirugarren sailkatuek, ostera, elkarren aurka jokatuko dute. Lehen faseko puntuaketa kontuan hartuta berdinketak baldin badaude, bien arteko partidaren irabazleari emango diote lehentasuna antolatzaileek. Berdinketa hiru bikoteren artekoa bada, berriz, jokatutako partida guztien tanteoa hartuko dute kontuan. Finalerdiak apirilaren 16an jokatuko dituzte, eta final nagusia apirilaren 23an izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide