Datorren udazkenarekin iritsiko dira XXXIX. Euskal Antzerki Topaketak herrira, eta horietan parte hartu nahi duten taldeek edo konpainiek dagoeneko bidal ditzakete proposamenak. Azpeitiko Udalak gaur zabaldu du horretarako epea, eta proiektuak apirilaren 23a bitartean jasoko ditu. Urtero legez, bi ezaugarri bete beharko dituzte proposamenek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute eta obrek euskarazkoak.
Haurrei, gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako antzezlanak, amateurrak nahiz profesionalak, izaten dira topaketetan, eta beraz, ezaugarri horietakoren bat betetzen duten taldeek egin ahal izango dituzte proposamenak. Obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte. Proiektuak Azpeitiko Udalaren webgunearen bidez izapidetu behar dira; hau da, modu elektronikoan. Zalantzak argitu edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 943-15 70 68 telefonora deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.