Azpeitiko ikasleek herriko mendiak ezagutzea erronka

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 19a, 08:30

Atzoko aurkezpenean atera zuten argazkia, Komuntzo aldean. (Azpeitiko Udala)

Lagun Onak Mendi Bazkunak, herriko lau ikastetxeek eta udalak bat eginda prestatu dute Inguruko tontor eta txokoak egitasmoa. Gazteenen artean mendizaletasuna eta inguruaren ezagutza bultzatzea dira helburuak. Apiriletik urrira, hilero gailur eta bazter desberdinak proposatuko dituzte mendizaleek, eta horietara joanez erronka betetzen dutenen artean opariak zozkatuko dituzte.

Gazteenen artean mendizaletasuna, inguruaren ezagutza eta aisia osasuntsua sustatzeko egitasmo berria aurkeztu zuten atzo: Inguruko tontor eta txokoak.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurrenaren barruan prestatu dute egitasmoa. Udalarekin eta herriko lau ikastetxeekin elkarlanean antolatu dute, eta Azpeitiko ikasleei erronka bota diete: apiriletik urrira, hilero herriko eta inguruko hainbat mendi eta bazter ezagutzea proposatuko diete ikasleei eta horien etxekoei, erronkari erantzunez mendi edota toki horietara joaten direnek argazkiak atera eta bidali beharko dizkiete antolatzaileei, eta egitasmoan parte hartzen dutenen artean opariak zozkatu dituzte. Hilabete bakoitzean hiru edo lau lekutara joanez ingurua ezagutzea izango da erronka. Erronka osatutzat emateko, berriz, hilero bi edo hiru gailur egin beharko dituzte gaztetxoek, eta horietan ateratako argazkiak Lagun Onak MBk bere webgunean prestatuko duen txokora igo beharko dituzte. Erronka osatu edo gailurren bat egiten dutenen artean Bertaneko dendetan erabiltzeko 30 euroko bonuak zozkatuko dituzte.

Era berean, egitasmoa osatzeko, ikastetxeetan ere hainbat ekintza gauzatuko dituzte datozen hilabeteetan: ikasleak Inguruko tontor eta txokoak egitasmoan parte hartzera bultzatuko dituzte, mendizaleek proposatutako mendien eta parajeen gaineko informazioa landuko dute, irteerak egingo dituzte eta kokapenak landuko dituzte, besteak beste.

Gabeziei aurre egiteko

"Mendiz inguratutako herria da Azpeitia, baina inguruko mendi eta parajeak gero eta gutxiago ezagutzen dituzte herritarrek", antolatzaileen ustez.

Gabezia horri erantzun nahi diote egitasmo berriarekin, baina ez horri bakarrik, "konfinamenduak haurrengan eta gazteengan eragindako kalteei aurre egin asmoz" ere prestatu baitute Inguruko tontor eta txokoak. Izan ere, "konfinamenduak lehenik, eta eskola kirola egiteko debekuak ondoren, ikasleen osasunean eragin nabarmena" izan duela uste dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide