Bihar erabakiko da nortzuk jokatuko duten emakumeen eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketaren finala

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 19a, 16:23

Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Leire Garaik Olatz Arriabalaga eta Naroa Agirreren kontra neurtu beharko dituzte indarrak biharkoan, Irungo Uranzu pilotalekuan. Finalaurrekoak 15:30ean hasiko dira, eta ETB1ek zuzenean eskainiko du pilota jaialdia. 

Bihar jokatuko dira emakumeen Master Laboral Kutxa txapelketaren finalaurrekoak Irungo Uranzu pilotalekuan, 15:30ean hasita, eta bertan izango da Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarra. Hain zuzen, bi partida izango dira biharkoan, eta horietan nagusitzen direnek jokatuko dute txapelketaren finala. 

Azken orduko kontuak tarteko, aldaketak izango dira lehen finalerdian. Irantzu Etxebesteren lekua Naroa Elizaldek hartuko du, Etxebesteren osasun kontuen ondorioz. Horrenbestez, Naroa Elizalde Olatz Ruiz de Larramendirekin arituko da biharkoan, eta parez pare izango dituzte Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi. 

Bigarren finalerdia Olatz Arriabalaga-Naroa Agirre eta Leire Garai-Oihana Orbegozok jokatuko dute. Master Laboral Kutxako antolatzaileen hitzetan, "bi bikoteek oso erraz atera zituzten aurrera final laurdenetako euren kanporaketak eta laurak ere sasoi bikainean daude".

15:30ean hasiko da pilota jaialdia, eta zuzenean ikusteko aukera izango da ETB1en. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide