Gutuna

Gauzagarria den irtenbidea elkarlanetik

Azpeitiko Eusko Alkartasuna 2021ko mar. 20a, 11:20

Corrugados auzia dela eta, Azpeitiko Eusko Alkartasunak babesa adierazi dio Nagore Alkorta alkateari, idatzi honen bidez. "Bat egiten dugu haren jarrerarekin". Era berean, alderdiak elkarlanerako deia egin die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, udalarekin batera gauzagarria den irtenbidea aurki dezaten.

Azpeitiko Eusko Alkartasunak, Corrugados enpresaren jarduera sailkatua berriro ekiteak sortutako eztabaidaren harira, bere iritzia plazaratu nahi du.

Industriak gure herriari eman dion aberastasuna ukaezina da, eta horri eutsi beharra dago; azpeitiar askok sektore horretan lan egiten dute, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitu beharko luke.

Gure herriko industriak, Europa osoan gertatzen ari den moduan, baldintza berrietara egokitu behar izan du, ingurumenaren zaintza eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko bidean hartutako neurriei jarraituz.

Azpeitian bide hori hasi genuen: 2009an Urola Kostako Plan Territorial Partziala aldatu zen Corrugados okupatzen duen eremua Trukutxora mugitzeko, eta gune hori bizitegi-garapenerako lehentasunezko eremu izendatu zen. 2013an HAPO onartu genuen, herriko bi alderdi politiko nagusien oniritziarekin (EH Bildu eta EAJ), eta Plan Orokor horrek gune horri etxebizitza erabilerarako kalifikazioa ematen dio. Aldaketa estrategiko bat egin zen, gunea industria erabileratik etxebizitza erabilpenera pasatuz; hau da, jarduera industrialak eta klasifikatuak direnak herrigunetik ateratzeko pausoa eman zen, herriko ordenazio jasangarri bat lortu nahirik.

Hori da azpeitiarrok erabaki genuena eta herriari eman zitzaion araudi eta lege oinarria. Baldintza horiek dira edozein proiektuk bete beharko lituzkeenak, eta kasu honetan ere, hala izatea dagokio.

Maila ezberdinetako administrazioei dagokie aurrean ditugun 700 lanpostu –zuzenak eta zeharkakoak– sortzeko aukera paregabeari bide emateko ardura. Gure alkatea zuzen ari da halako proiektu bat egoki bideratzeko indarrean ditugun legeak eta araudiak kontuan hartuz, Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanerako prest agertuz.

Eusko Alkartasunatik gure babesa adierazten diogu Nagore Alkorta alkateari eta bat egiten dugu haren jarrerarekin. Era berean, dei egiten diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, udalarekin batera elkarlanean eta beren eskuetan dituzten erreminta guztiak erabiliz, posible den irtenbidea aurki dezaten; hain zuzen ere, Azpeitiko eta eskualdeko industriak behar duen bultzada izan dezan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide