Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek koronabirusarekin lotutako atzoko datuen berri eman dute. Horien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 326 kasu positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, eta 102 kasu, berriz, Osasunbideak Nafarroan. Denera, 428 pertsonek eman zuten positibo atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Herenegun baino 162 positibo gutxiago atzeman zituzten atzo, baina positibotasun tasak gora egin du.
Atzo, ostirala, 5.342 proba diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 326 pertsonak eman zuten positibo. %6,1 da hiru lurralde horietako positibotasun tasa; herenegun, %5,4koa zen tasa. Bizkaian 168 positibo atzeman zituzten atzo, Gipuzkoan 110 eta Araban 47. Lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuen positibo atzo gauzatutako probetan.
Nafarroan, berriz, 1.251 test egin zituzten atzo eta 102 positibo hauteman; %8,2koa da lurralde horretako positibotasun tasa –herenegun %6,2a zen tasa–.
Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, 91 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du herrikako datuen berri asteburuetan; beraz, astelehenera arte itxaron beharko da tokian tokiko datuak jakiteko.