Gutuna

Nagore Alkorta alkatearen gutuna, Corrugados auziaz eta haren trataeraz

Nagore Alkorta 2021ko mar. 20a, 17:19

Corrugados auziaren harira, hainbat kontu argitu nahi izan ditu Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, eta honako idatzi hau bidali du Uztarriara.

Azken egun eta asteotan, Corrugadosen gaiari lotuta, Azpeitiko herria eta Azpeitiko Udala zurrunbilo mediatiko baten erdian kokatu gaituzte. Azpeitiko alkatea naizen aldetik, hainbat kontu argitzeko betebeharra sentitzen dut:

Ezertan hasi baino lehen, beste behin esango dut, Azpeitiko Udalak interes handia duela Corrugados lantegia Azpeitian irekitzeko. Horrela adierazi dugu publikoki. Eta horrela jakinarazi diegu, bai Jaurlaritzari, bai Gipuzkoako Foru Aldundiari, baita Crystian Lay enpresari ere. Hasieratik, prestutasun osoa erakutsi dugu Corrugados lantegia irekitzeko aukerarik txikiena ere lantzeko eta lanpostuen alde lan egiteko.

Oraindik inplikatutako erakunde guztion arteko bilera bakar bat ere egin gabe zegoenean, eta enpresak negozio planik,  txosten teknikorik eta bideragarritasun planik aurkeztu ez zuenean, gaia komunikabideetara eramatea erabaki zuen EAJk. Eta ikusi denez, geroztik lan gehiago eginarazi digute komunikabideei erantzuten, benetan enpresa martxan jartzen baino.

Sentsazioa daukat komunikabideetan egin ditudan adierazpenak ez direla izan beste batzuek, kasu honetan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, egindako adierazpenak bezain kontundenteak. Esan gabe doa, ni baino ohituago eta zailduago dagoela sailburua komunikabideen ibilian. Halere, hedabideetan bere mezua denbora gehiagoz eta ozenago zabaltzeak ez du esan nahi arrazoia duenik.

Nahiago nuke gaia komunikabideetatik atera eta diskrezioz lantzen ariko bagina. Izan ere, aitortuko dizuet, ez naiz batere gustura sentitzen inora ez garamatzan katramila mediatiko honetan. Nik arlo juridikoan dut formazioa. Hamahiru urtez izan naiz Gipuzkoako udal bateko idazkaria. Umiltasunez, baina uste dut badudala ezagutza udaletan ohikoenak diren prozedura administratiboen eta urbanistikoen inguruan. Izan ere, idazkariaren funtzioa da udalek hartzen dituzten erabakiei berme juridikoa ematea. Eta aitortuko dizuet askoz ere seguruago sentitzen naizela gai horien inguruko erabakiak hartzen komunikabideen aurreko joko honetan baino.

Corrugados Azpeitia enpresak 2014. urtean idatziz jakinarazi zion Azpeitiko Udalari jarduera bertan behera utzi zuela. Orain, lantegia martxan jartzeko asmoa dagoela jakinarazi digute; eta, beraz, zentzuzkoa dirudi ingurumen baldintzak eta hirigintzakoak betetzea eskatzea, aukera horrek ziurtasun maila lor dezan.

Ingurumen betekizunak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailaren eskumenekoak dira; eta, beraz, erakunde arteko errespetuagatik, ezer gutxi esango dut horri buruz. Salbu, datu objektibo moduan, 2008. urtean Corrugadosi eman zitzaion Ingurumen Baimen Bateratua, sei hilabeteko egikaritze epearekin lotuta geratu zela, bertan ezarritako ingurumen baldintzak betetzeko eta haiek nahitaez berrikusteko betebeharrarekin. Ingurumen baldintzak bere osotasunean beteta aritu zela dioen dokumenturik ez dago jasota udalean. Eta ez dakigu ikuskapenik egin ote zen ere, dokumentuak berak jasotzen duen moduan, baimen baldintzatu hori eman zenetik lau urtera. Dokumentu horrek zortzi urtera zuen iraungitze data. Gai hori Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta ez dugu horretan sartu nahi, baina, logikoa denez, udalaren ikuskatzeko ahalmenaren eta eskumenaren baitan jarraipena egitea dagokigu.

Hirigintza arloan, gaia hobeto ezagututa, uste dut iritzia eman dezakedala. Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi nuke urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretua – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu saila –, zeinaren bidez behin betiko onartu baitzen Zarauzko (Urola Kosta) Eremu Funtzionalaren LPParen 1. aldaketa Azpeitia, Trukutxo eta Amueko eremu hauei dagokienez:

I. eranskinean, Amue eremua jasota dago (1) dentsitate handiko bizitegi garapen berriko lehentasunezko eremu gisa, eta Trukutxori dagokionez, 5. Jarduera Ekonomikoak Berriro Garatzeko Lehentasunezko Eremu gisa, berariaz aipatuta bertan instalazio siderurgikoaren proiektua sartu dela.

II. eranskinean –Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa–, mota honetako gogoetak jasotzen dira:

• Proposatutako lurralde plangintzaren aldaketaren oinarria da lurralde antolamenduan garapen jasangarriaren printzipioa txertatzea, lurraldearen harrera gaitasuna, behar sozioekonomikoak eta ingurumen eta hirigintza ikuspegia kontuan hartuta. Oinarrizko irizpide horietatik abiatuta, eta EAEko, Espainiako eta Europako ingurumen politikaren printzipio gidariekin bat etorriz, Corrugados Azpeitia enpresaren galdaketa instalazioak birkokatzeko premiei erantzuten zaie, eta, aldi berean, egungo araudiarekin eta ingurumen balioekin bat datozen ezarpen baldintza modernoak bilatzen dira.

• Ezarpen berrirako eta alternatibak bilatzeko ingurumen irizpide estrategiko gisa, abiapuntuko premisak dira babes bereziko espazioei edo inguruneei ez eragitea; bizitegi guneetatik urruntzea.

• Egoera horretan, Trukutxo eremua, 25 Ha inguruko azalerarekin, proposatutako eskariari erantzuteko gai dela baieztatu da, aipatutako bideragarritasun eta ingurumen irizpide estrategikoen arabera, interes publikoaren mendeko printzipioen arabera eta dagokion Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioan (IEBE) aurreikusitakoaren arabera. Posible da Azpeitia hirirako Amue eremua berreskuratzeko. Lurralde plan partzial bat udalaz gaindiko antolamendua bilatzen duen hirigintza tresnatzat hartzen da, eta, ondorioz, nahitaez eragin behar dio, Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean haren zehaztapenak gailentzen baitira.

Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, EHBilduk eta EAJk 2013an aho batez onartutakoak, arau hierarkiagatik ezin zitekeenez bestela izan, zehaztapen horiek jaso zituen. Eta, ondorioz, horiek aplikatu beharreko arau bilakatu dira.

Jarraitu nezake argumentu juridikoak ematen, baina gutun ireki honek ez du gehiagorako ematen, hedabideetan, adierazpen laburren bitartez, eztabaida juridiko bat emateko aukerarik ez dagoen bezalaxe. Horregatik, sailburuak publikoki debate juridiko honekin jarraitu nahi badu, gutxienik, eskatu nahi nioke, egin dezagula baldintza berdinetan: errespetuz, aurrez aurre eta beharrezkoa den denbora tartearekin. Azpeitiarren interesekoa litzatekeelakoan, Azpeitiko Udala prest legoke eztabaida publikoa gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren instalazio eta baliabide guztiak jartzeko.

Bitartean, sailburuari Azpeitiko Udalarekiko eta Azpeitiko herriarekiko errespetua eskatzen diot. Azpeitiko Udalarekiko, bere eskumenetatik harago joanez gero, udalen autonomia zalantzan jartzea larria litzatekeelako. Azpeitiko Udaleko teknikari eta ordezkari politikoon zintzotasuna eta ardura publikoa zalantzan jartzea ez delako onargarria. Eta Azpeitiko herriarekiko, bere garaian Corrugadosen itxiera dramatikoa izan zelako, langileek eta beren familiek, azpeitiarrek, sufritu zutenarekiko errespetua behar delako. Orain, proiektu errealik gabe, gaia astintzeak lehengo zauriak ere berritu ditzakeelako.

Ez nuke amaitu nahi, elkarlanerako eskua luzatu gabe. Gutunaren hasieran esan bezala, Azpeitiko Udala prest dago, beharrezkoak diren baldintza guztiak beteta, Corrugadosen irekieraren alde lan egiteko. Benetan borondaterik eta proiektu industrialik balego, eseri eta jar gaitezen buru-belarri lanean. Eman diezaiogun bultzada berri bat Azpeitiko herriari.

Eskerrik asko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide