Azpeitiko Udalak eta Realak banderak trukatuko dituzte bihar

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 22a, 11:37

Realaren autobus ofizialak bihar 10:40an geldialdia egin du anbulatorioaren parean, eta han, banderak trukatuko dituzte Azpeitiko udal ordezkariek eta Realekoek.

Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutuna helarazi die Gipuzkoako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. "Apirilaren 3a oso egun garrantzitsua da guretzat, eta apaltasunez esanda, baita Gipuzkoarentzat ere, gure ustez". Izan ere, egun horretan jokatuko du taldeak Kopako finala Sevillan (Andaluzia, Espainia) Athleticen aurka, baina pandemia egoera dela eta, zalerik gabe izango da norgehiagoka.

"Gure jende guztia, Gipuzkoako jendea, hurbil sentitzeko ahalegina egin nahi dugu", azaldu du gutunean. Hala, Realaren autobus ofiziala lurraldean zehar ibiliko da udalerrietako banderak hartzen, eta Realarenak uzten, kanpainarekin bat egitea erabakitzen duten herrietan. Udalek udaletxeko balkoian jarriko dute talde txuri-urdina babesteko oihala.

Realak, berriz, udalerrietan jasotako bandera guztiak eramango ditu Sevillara, "hain une garrantzitsuan eta, espero dezagun, historikoan, presente egoteko".

Gaur eta bihar artean lurralde osoa zeharkatuko du Realaren autobusak, eta bihar, asteartea, 10:40an iritsiko da Azpeitiara. Anbulatorioaren parean egingo du geldialdia, eta han, banderak trukatuko dituzte Azpeitiko udal ordezkariek eta Realekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide