Datorren apirilaren 3an, larunbata, jokatuko dute Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala, Sevillan (Andaluzia, Espainia). Hori dela eta, Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutun bat helarazi zien Gipuzkoako udalerrietako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. Hain zuzen, Gipuzkoako futbol talde nagusia lurralde osoa zeharkatzen ari da udalerri guztietako ordezkariekin banderak trukatzeko —udalerri bakoitzekoa eta futbol taldearena—, eta gaur, asteartea, 11:00ak pasatxo heldu da autobusa Azpeitira.
Realetik Joseba Ibarburu presidenteordea, Jesus Ruiz kontseilaria eta Tomas Orbegozo jokalari ohia izan dira; Azpeitiko Udaletik, berriz, Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua zinegotzia. Anbulatorioaren aurrean trukatu dituzte Azpeitiko bandera eta Realekoa bi aldeek, eta, ondoren, bere bidaiarekin jarraitu du autobusak.