Batzarrarekin eta J Martinaren kontzertuarekin borobilduko dute kontrol sozialaren kontrako kanpaina

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 23a, 14:27

J Martina musika taldea.

Zapaturako batzarra, bazkaria eta kontzertua antolatu dituzte Azpeitiko Gaztetxeko eta GKSko kideek. Bazkaria lauko taldeetan egingo dute, 14:00etan hasita. J Martina musika taldearen kontzertua 18:30ean hasiko da. Bazkarirako nahiz kontzerturako sarrerak aurrez erostea ezinbestekoa izango da, eta salgai daude dagoeneko. 

Duela aste batzuk ekin zioten Azpeitiko Gaztetxeko eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideek kontrol sozialaren kontrako kanpainari, Zuen kontrola, gure pobrezia lelo hartuta. Orduz geroztik, hainbat gairen inguruan sakondu eta ikasteko tartea hartu dute tailerren nahiz hitzaldien bitartez. Esaterako, "teknologiaz, poliziak erlazio sozial kapitalisten sorreran eta garapenean izan duen garrantziaz, egungo egoeraren gaineko aholkularitza juridikoaz eta segurtasun informatikoaz" aritu dira. Orain, kanpaina hori borobiltzeko, batzarra, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte zapaturako. 

Eguna hasteko, kanpainaren barruko azken batzar irekia egingo dute 11:00etan hasita, azken asteetan landutakoaren inguruko errepasoa eta balorazio egiteko, baita aurrera begirako eginbeharrak zehazteko ere. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, orain arteko saioetan parte hartu ez dutenak ere arazorik gabe bertara daitezke, eta horretara animatu nahi dituzte gazteak. Ondoren, bazkaria egingo dute 14:00etan hasita Gaztetxean bertan. GKSko eta Gaztetxeko kideek azaldu dute lau pertsonako taldetxoetan banatuta egingo dutela bazkaria "egungo egoerak sor ditzakeen arazoez jakitun"  eta bertaratzen diren lagunei eskatu diete segurtasun neurriak "zorrotz" errespetatzeko eta antolatzaileen jarraibideak kontuan hartzeko, "arazorik sor ez dadin".  Bazkariaren ostean atsedena izango da, eta eguna borobiltzeko J Martina musika taldeak kontzertua eskainiko du, 18:30ean hasita. 

Bazkarirako txartelak nahiz kontzerturako sarrerak aurrez erostea ezinbestekoa izango da. Dagoeneko salgai daude txartelak Haginpe tabernan. Bazkarirako eta kontzerturako txartela nahi dutenek hamar euro oraindu beharko dute. Kontzerturako sarrera, aldiz, bost euroan egongo da eskuragarri Haginpen. 

Hona hemen J Martina musika taldearen Desira abestiaren bideoklipa aurrerapen gisa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide