Independentziaren aldeko argazki erraldoia aterako da Aberri Egunean

Euskal Herria Batera 2021ko mar. 24a, 11:32

Apirilaren 4an izango da Aberri Eguna, eta Euskal Herria Batera ekimenak egun horretarako antolatutako hitzorduetan parte hartzeko deie luzatu nahi die azpeitiarrei. 12:30ean hasita, argazki erraldoia eta ekitaldia izango dira, plazan.

Iazko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin batzeko.

Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea.

Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko; lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko.

Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko.

Apirilaren 4an izango da Aberri Eguna, eta euskal herritarrei keinu bat batera egitea proposatzen diegu. Azpeitian, 12:30ean elkartuko gara plazan, eta independentziaren aldeko argazki erraldoi bat aterako dugu. Jarraian, ekitaldi batekin emango zaio amaiera ekimenari. Egungo egoera kontuan izanda, beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatuko dira.

Herrigintzan batera jardunda garatuko dugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.

Gora Euskal Herri burujabea!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide