Planetaren Ordua egitasmoarekin bat eginez, klima aldaketaz tailerra eskainiko du Ekoetxeak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 24a, 13:09

Zapatuan, martxoak 27, izango da saioa Ekoetxean, 16:00etatik 18:30era. Doako saioa izango da, eta nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera. Egitasmoaren sustatzaileek egindako deialdiari erantzunez, larunbatean 20:30etik 21:30era etxeetako argiak itzaltzeko deia egin die Ekoetxeak herritarrei.

Planetaren Ordua egitasmoarekin bat eginez, familiei zuzendutako tailer bat antolatu du Azpeitiko Ekoetxeak larunbaterako. Egun horretan 16:00etatik 18:30era eskainiko dute klima aldaketa ardatz duen saioa Ekoetxean. Hain zuzen ere, tailerrera joaten diren herritarrek energia berriztagarriak errazago aprobetxatzeko eta etxean eraginkorragoak izateko jolasak-eta egingo dituzte. Saioa doakoa izango da, eta nahi duen orok izango du egun horretan Ekoetxeara joateko aukera.

Ekoetxea Sareak bat egin du klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako Planetaren Ordua mugimenduarekin. Egitasmoaren barruan, eraikinetako eta monumentuetako argiak ordubetez itzaliko dituzte martxoaren 27an munduko hainbat txokotan, eta deialdi horrekin bat eginez, Ekoetxea Sareak 20:30etik 21:30era etxeetako argiak itzaltzeko deia egin die herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide