Autoritarismoaren kontrako kanpainari bukaera emateko Ikas ikasle autodefentsa sareak Borroka Eguna deitua zuen gaurko, eta Azpeitian jarraipen zabala izan du deialdiak. Horren erakusgarri, Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! lelopean herriko kaleetan barrena egin duten manifestazioa. 300 bat lagunek parte hartu dute.
Urola, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako ikasleek 11:00etan Urola Ikastolako atarian jarria zuten hitzordua, eta handik abiatu dira manifestazioan. Oktogono parera jaitsi eta Alde Zaharrerantz hartu dute, segurtasun neurriak errespetatuz osatutako bi ilara luzetan. Manifestazioa herriko plazan bukatu dute, eta hainbat ikaslek hartu dute hitza bukaerako ekitaldian. Ikastetxe bakoitzeko egoera zein den azaltzeaz gainera, azken asteotako kanpainarekin eta gaurko Borroka Egunarekin aldarrikatu nahi dutenaren berri eman dute. Besteak beste, pandemia egoeran hezkuntza arloko arduradunak egiten ari diren "kudeaketa kaskarra" salatu dute, eta baita pandemiaren aitzakian antolatzeko jartzen dizkieten zailtasunak eta jasaten ari diren "infantilizazioa" ere.