Udalak 50 zuhaitz landatu ditu herriko zenbait txokotan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 26a, 08:23

Udal langile bat bidegorriaren ondoan zuhaitza landatzen.

COVID-19aren pandemia tarteko, aurten ez du Zuhaitz Egunik antolatuko udalak. Dena den, landaketari eustea erabaki du erakundeak, eta besteak beste, Loiolara bidean nahiz bidegorriaren inguruan, Goenan, Antzibarrenan, Garmendi auzunean, Salbe auzunean, Euskal Herria auzunean nahiz Izarraizko Atea parkean sartu ditu zuhaitzak.

COVID-19aren pandemia eta horren bueltako neurriak direla eta, Azpeitiko Udalak aurten ez du Zuhaitz Egunik antolatuko, baina erakundeak "berdeguneen eta ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoari" eutsiz, askotariko espezietako 50 zuhaitz landatu ditu herriko hainbat txokotan. Besteak beste, Loiolara bidean nahiz bidegorriaren inguruan, Goenan, Antzibarrenan, Garmendi auzunean, Salbe auzunean, Euskal Herria auzunean nahiz Izarraizko Atea parkean landatu ditu zuhaitzak; zehazki, zazpi tulipero, hamasei lindabarra, 11 urkizuri eta urki, lau gereziondo, bi ezki, hiru pago, bi hibiscus syriacus eta artea zein astigar, taxodiu distichum eta sequoia semperviven bana.

Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburuak azaldu duenez, zuhaitzek duten "garrantziaz" jabetuta erabaki dute aurten ere landatzea. "Askotan, ahaztu egiten zaigu zuhaitzek gure ingurumenean duten garrantzia zenbaterainokoa den. Baina Azpeitiko Udalak ingurumenaren zaintzarekiko eta berreskuratzearekiko eta kutsadura gutxitzearekiko duen konpromisoa aintzat hartuta erabaki du urteroko landaketari eustea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide