Luis Miguel Arkonada alde batean eta Juan Antonio Larrañaga bestean. Zaragozako (Espainia) Romareda futbol zelaian. Espainiako Kopa eskuetan. 1987ko ekainaren 27a zen. “Oso gogorra izan zen finala”, gogoratu du Larrañagak berak. “Bero handia egiten zuen egun hartan, tentsio handia nabari zen, luzapena jokatu genuen, penaltiak ondoren…”. Bina amaitu zen Atletico Madrilen eta Realaren arteko partida, eta txuri-urdinek 2-4 irabazi zuten penaltietan, Jose Mari Bakero, Juan Mari Mujika, Martin Begiristain eta Larrañagaren golekin. Jorge da Silvak kanpora jaurti zuen madrildarren bigarren penaltia eta Arkonadak laugarren jaurtiketa gelditu egin zion Quique Ramosi. Orduan lehertu zen festa.
“Zer oroitzapen dauzkagun? Ederra izan zela eguna; finala irabazi ondoren, batez ere!”. Luis Fernando Dadie (Pasaia, 1966) dauka ondoan Larrañagak (Azpeitia, 1958), final hartan taldekide izan zuenetako bat. Dadie ez da ageri argazki askotan. “Eromena izan zen. Realeko zaleak zeuden atearen atzera joan nintzen ospatzera, pare bat lagunek berdegunera salto egin zuten, eta, ohartu nintzenerako, argazkiak ateratzen ari ziren denak. Berandu iritsi nintzen, baina baten batean ageri naiz, behintzat!”.
Pasaitarrak badauka despiste hura azaltzeko arrazoi bat: “Final bat irabazita, atzetik gehiago ere iritsiko zirela pentsatu nuen, eta erotu egin nintzen. Horregatik, momentu hartan argazkiak ateratzen hastea ez zela egokiena pentsatu nuen, baina, noski, atzetik ez ziren iritsi titulu gehiago”, amaitu du, barrez. “Denbora gehiegi igaro da Realaren azken titulutik”, gogoratu du Dadiek. Ia 34 urte. “Taldeko gazteenetakoa nintzen ni orduan, eta lehen aldiz bizi izan nuen horrelako zerbait”.
Realarekin 1987-1988koan eta Celtarekin 1993-1994koan, pasaitarrak beste bi final ere jokatu zituen gerora, baina biak galdu zituen. “Kopako hori da nire titulu bakarra, eta niretzat horregatik da hain berezia”. Realeko zaleen belaunaldi batek finalik eta antzekorik ez duela bizi izan gaineratu du Dadiek. “Eta horregatik da hain berezia momentu hau”. Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatuko dute aurreko denboraldian koronabirusaren eraginez atzeratutako Espainiako Kopako finala, Sevillako Cartuja futbol zelaian (21:30).
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.