Gari Ugarte eta Itxaso Plaza txirrindulariek irabazi dute XLI. Azpeitia Saria. Azpeitian abiatu da lasterketa, Loiola Hotelaren parean, eta segituan Lasaorako bidea hartu dute txirrindulariek. Lasao zapaldu ondoren, Zestoa, Iraeta eta Arroa Goikoara iritsi eta berriz Azpeitirako bidea hartu duta. Birritan egin dute itzuli hori txirrindulariek. Azken aldiz Azpeitira iritsi direnean, berriz, Landetarako bidea hartu dute eta Goenako kanpara igo ondoren, Loiola Hotelaren parean amaitu da lasterketa.
Mutiletan, Zatika-Goifiber taldeko Gari Ugarte iritsi da aurrena helmugara, 1:24:02 denbora eginda. Haren atzetik, Donosti Berri taldeko Aimar Alarcia sailkatu da, eta hirugarren postua Bolintxo Okindegia-Lana taldeko Unax Errastik lortu du; hiru txirrindulariak denbora berean sartu dira. Nesketan, berriz, Bolintxo Okindegia-Lana taldeko Itxaso Plazak lortu du garaipena Azpeitian, 1:26:28ko denbora eginda. Haren atzetik bigarren sartu da ZU-K / Limousin taldeko Kattalin Iriondo, bi minutu eta 44 segundora; hirugarren postua, berriz, talde bereko Ayala Serranorentzat izan da, helmuga bi munutu eta 57 segundora zapaldu ostean.
Ikasberri ikastolan egin dute sari banaketa, eta bertan izan dira Azpeitiko Udaleko nahiz Lagun Onak txirrindulari elkarteko ordezkariak.