Joxean Agirre, 111 Akademiaren Sarirako finalista

Julene Frantzesena 2021ko api. 13a, 08:36

Joxean Agirre.

2020. urtean euskal literaturak emandako uztatik bost izan dira irakurleen libururik gogokoenak. Saria jasotzeko botoen %40 eskuratu behar zituen horietakoren batek, baina kopuru horretara inor iritsi ez denez, boz gehien jaso dituzten bi idazleak igaro dira azken fasera: Joxean Agirre eta Pello Lizarralde. Hilaren bukaeran jakinaraziko dute zein den 111 Akademia Sariaren irabazlea.

111 Akademiako kideak 2020ko eleberri onena hautatzeko prozesuan murgilduta dabiltza azken asteetan, eta atzo jakinarazi zuten zeintzuk izango diren aurtengo saria eskuratzeko finalistak: Joxean Agirre Nobela errealista bat eleberria tarteko, eta Pello Lizarralde Argiantza lanari esker. Bi obra horiek dira, beraz, 111 Akademia Saria jasotzeko aurtengo hautagaiak.

2020. urtean euskal literaturak emandako uztatik bost izan dira irakurleen libururik gogokoenak: Agirreren eta Lizarralderen lanez gain, Luis Garderen Aireportuko musika, Uxue Alberdiren Dendaostekoak eta Idoia Garzes Mendiko gaitza liburuak. Bost liburu horien egileek ez dute jaso saria zuzenean eskuratzeko beharrezkoa den botoen %40a, eta beraz, boz gehien jaso dituzten bi idazleak igaro dira finalera: Agirre eta Lizarralde.

Azken txanpan sartu da dagoeneko sariketa, eta irabazlearen aldeko botoa emateko tartea zabaldu du dagoeneko 111 Akademiak. "Gauzak ondo bidean", apirilaren bukaeran jakinaraziko dute zein den sariaren irabazlea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide