J Largo eta Aigoryren kontzertuekin itzuli dira zuzenekoak Sanagustinera

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 13a, 08:19

J Largo, Sanagustinen. (Kulturaz)

Katapulta Tour egitasmoaren barruan aritu ziren musikari donostiarrak kulturgunean, larunbat arratsaldean.

Lau hilabete eta gero, zuzeneko musika Sanagustinera itzuli da. Joan den larunbatean, 2021eko Katapulta Tour egitasmoaren barruan, J Largok eta Aigoryk kontzertu bana eman zuten kulturguneko oholtzan. Hip-hop, trap eta rap doinuak nagusi izan ziren Donostiatik etorritako musikarien eskaintzan. Ondoko loturan ikus daitezke Kulturazek sarera igo dituen argazki guztiak.

Joan den larunbatekoaren aurreko azken kontzertua abenduaren 8an izan zen Sanagustinen. Orduan, Sua taldea igo zen kulturguneko oholtzara, Durango Azokak antolatutako emanaldian.

Pandemiaren bilakaerak bestelakorik ezarri ezean, hil honen 24an zuzeneko musika gehiago entzuteko aukera izango da Sanagustin kulturgunean, Katapulta Tour zirkuitoaren barruan orduan ere: Sara Azurza eta Antia Muiño musikarien kontzertuak iragarrita daude egun horretarako. Maiatzaren 15erako, berriz, Eneritz Furyaken kontzertua iragarria du Kulturazek Sanagustinen.

Aigory, kulturguneko oholtzan. (Kulturaz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide