'No acepto' dokumentala eta Trini Fox nahiz Hook taldeen kontzertuak izango dira datozen egunetan Gaztetxean

Maialen Etxaniz 2021ko api. 13a, 19:14

Trini Fox musika taldeko kideak. (Trini Fox)

Ostegunean, Euskal Herriko punk musikaren hastapenak kontatzen dituen No acepto dokumentala eskainiko dute Gaztetxean, 18:00etan hasita. Zapatuan ere musika izango da protagonista, eta 17:00etatik aurrera Hook taldearen aurreneko kontzertua eta Trini Fox taldearen Ataraxia diskoaren aurkezpena izango dira. Bi hitzordu horiekin ekingo diote Azpeitiye desegin musika zikloari. Zapaturako sarrerak aurrez erosi beharko dira.  

Hastear da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Azpeitiye desegin musika zikloa. Datozen egunetan ekingo diote antolatutako egitarauari, No acepto dokumentalaren emanaldiarekin eta Trini Fox nahiz Hook taldeen kontzertuekin. 

Euskal Herriko punk musikaren hastapenak kontatzen dituen No acepto dokumentalak irekiko du egitaraua ostegunean. Hain zuzen, 18:00etan hasita eskainiko dute ikus-entzunezkoa, eta nahi duen oro bertara daiteke emanaldira. 

Disko aurkezpena eta lehen kontzertua

Zapatuan, aldiz, musika eta zuzeneko emanaldiak izango dira protagonistak, kontzertu bana eskainiko baitute Trini Fox eta Hook musika taldeek. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Gaztetxea 16:30 aldera irekiko dute, eta 17:00etan hasiko dira emanaldiak. Hook musika taldearen aurreneko kontzertua izango da larunbatekoa.

Azkoiti-Azpeitiko Trini Fox musika taldearentzat ere hitzordu berezia izango da zapatukoa, Ataraxia izeneko azken lana aurkeztuko baitute Azpeitiko Gaztetxean. Iaz plazaratu zuten Ataraxia diskoa, eta lehen kontzertua ere eskaini zuten, Orkatz kultur elkartearen urteurrenean. Pandemia tarteko, ordea, bertan behera gelditu ziren aurreikusita zituzten kontzertu guztiak. Orain, oholtzetara itzultzeko gogotsu daudela azaldu dute Trini Foxeko musikari gazteek: "Gaztetxeetako kontzertuak berpizteko gogoz gaude! Gora kultura "ez profesionala!". 

Sarrerak eskuragarri

Trini Fox eta Hook taldeen kontzertuetarako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko, eta eskuragarri daude Haginpe tabernan. Gaztetxeko kideek sarrerak aurrez erostea gomendatu dute, osasun egoera dela eta ohikoa baino sarrera gutxiago egongo delako salgai.

Azpeititik kanpoko musikazaleek Internetez erreserba ditzakete kontzertuetarako sarrerak. Horretarako azpeitikogaztetxie@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko dute, erreserbatu nahi dituzten sarreren kopurua eta izen-abizenak zehaztuz. 

Emanaldira bertaratzen direnek eserita ikusi beharko dituzte kontzertuak, eta antolatzaileek gogoratu dute "ezinbestean" errespetatu behar direla segurtasun irizpideak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide